Mundua -
Lehen erasoa
Errusiak Sirian egindako bonbardaketek mesfidantza sortu dute
Siriako oposizioak eta Mendebaldeko potentzia batzuek salatu dutenez, Moskuk bidalitako hegazkinek ez dituzte Estatu Islamikoaren eta Al-Qaidaren kokaguneak bonbardatu.
Agentziak | Erredakzioa
Errusiako hegazkinek Estatu Islamikoa talde terroristaren kokaguneak bonbardatu dituzte lehen aldiz Sirian, asteazkenean, Moskuko eta Damaskoko iturri ofizialen arabera. Ekintzaileek eta Siriako oposizioak, ordea, gezurtatu egin dute hori.
Siriako telebista publikoak iturri militarrak aipatuz jakitera eman duenez, Hama eta Homs probintzietan Estatu Islamikoak dituen kokaguneei eraso diete Errusiako hegazkinek. “Terroristei kalte handiak” eragin dizkietela adierazi du Siriako telebistak.
Bestalde, Siriako toki menditsuetan Estatu Islamikoaren aurka zortzi eraso egin dituztela azaldu du Moskuk. Gainera, Errusiak ukatu egin du zibilen artean biktimak eragin izana.
Errusiako Senatuak hegazkinak baliatuz erasotzeko baimena eman zion Vladimir Putin presidenteari, baina baztertu egin zuen lehorreko operaziorik egitea.
36 zibil hil dituztela salatu du oposizioak
Homseko iparraldean egindako bonbardaketetan 36 zibil hil dituzte, Jaled Joya Siriako Koalizio Nazionalaren presidenteak New Yorken, NBEko Batzar Nagusian, egin dituen adierazpenen arabera.
Errusiak bidalitako hegazkinek “ez diete Estatu Islamikoaren eta Al-Qaidaren kokagunei eraso”, Siriako oposizio politikoaren aliantza nagusiko buruzagiaren hitzetan.
Artxiboko irudia: EFE
Giza Eskubideen Siriako Behatokiak ere salatu ditu Errusiaren erasoak, ez dituelako Estatu Islamikoaren aurka egin.
“Estatu Islamikoaren kokaguneei eraso beharrean, Siria demokratiko baten alde lan egiten duten fakzioen kontrolpean dauden zonaldeak bonbardatu dituzte. Sham Mugimendu Islamiarraren eta Al Nusra Frontearen kuartel bati eraso diote”, deitoratu du gobernuz kanpoko erakundeak agiri batean.
Mendebaldearen mesfidantza
Errusiak Sirian esku hartu izanak Mendebaldeko potentzien mesfidantza sortu du, baina laguntzeko prest agertu dira, Errusiaren benetako helburua Estatu Islamikoaren kontra egitea baldin bada.
Operazio militarren xehetasunak “lehenbailehen” eztabaidatzeko prest azaldu da John Kerry AEBko Estatu idazkaria; izan ere, Washingtonek hilabeteak daramatza koalizioaren erasoak antolatzen eta bultzatzen. Bi aldeetako operazioak ez oztopatzea da orain helburua, Kerryren esanetan.
Horrela, ostiral honetan biltzea adostu dute Washingtonek eta Moskuk, “istiluak” saihesteko, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Kerryrekin bildu ondoren adierazi duenez.
Errusiako hegazkinen erasoa Estatu Islamikoaren kontrolpean ez dagoen zonalde batean gertatu dela ziurtatu du Ash Carter AEBko Defentsa idazkariak, eta Siriako gerra zibila areagotzeko arriskuaz ohartarazi du.
Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroaren ustez, erasoek ez dute talde terrorista izan jomuga, eta horren “zantzuak” daudela nabarmendu du.
“Oso garrantzitsua da baieztatzea erasoek Estatu Islamikoa bakarrik izan dutela helburu”, azpimarratu du Philip Hammond Erresuma Batuko homologoak.