Mundua -
Talibanen kontrako erasoaldia
Kunduz berreskuratzeko operazioa abiatu dute Afganistango indarrek
Poliziaren iturri batek esan duenez, 'datozen orduotan' berreskuratuko dute egun talibanen menpe dagoen hiria.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Atzotik talibanen esku dagoen Kunduz hiri estrategikoa berreskuratzeko operazioa abiatu dute Afganistango segurtasun indarrek. Iturri ofizialen arabera, dagoeneko berreskuratu dituzte hiriko eraikin batzuk.
"Kontraerasoa gaur goizean hasi da, eta dagoeneko hiriko hainbat gune berreskuratu ditugu", adierazi du Najib Danish Afganistango Barne ministrordeak.
Talibanak atzo sartu ziren Kunduzen, eta hiriaren kontrola hartu zuten. 2001ean horien erregimena jausi zenetik, hori izan da lortu duten konkista militarrik garrantzitsuena.
Afganistango Defentsa Ministerioaren esanetan, militarrak aurrerapausoak ematen ari dira lekuan bertan, eta, oraingoz, "erresistentzia ahula" aurkitu omen dute.
Poliziaren iturri batek jakitera eman duenez, "datozen orduotan" berreskuratuko dute egun talibanen menpe dagoen hiria.
Bestalde, Zabihullah Mujahid talibanen bozeramaileetako batek Twitterren duen kontuan azaldu duenez, Kunduz hiriko egoera "normala" da. "Ez da egia etsaia kontraerasoarekin hasi denik, mujahidinek ausardiaz defendatuko dute hiria", gaineratu du.