Mundua -
Europar Batasunaren bilera
Europak hartutako konpromisoen xedea errefuxiatu gehiago ez heltzea da
Kanpoko mugen gaineko kontrolak areagotzeko konpromisoa hartu du, baita errefuxiatuak hartzen dituzten herrialdeei laguntza gehiago ematekoa ere.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek beren kanpoko mugetan egiten diren kontrolak indartzeari lehentasuna eman diote asteazken honetan. Horrez gain, Siriatik gertu dauden herrialdeei ematen zaien diru-laguntza areagotzeko asmoa ere azaldu du, gatazkatik ihes egiten ari diren errefuxiatuei harrera ematen laguntzeko.
"Gure mugak babestu behar ditugu, baina baita errefuxiatuei eta alboko herrialdeei lagundu ere", adierazi du Donald Tusk Europako Batzordeko presidenteak prentsaurrekoan.
"Guztiok dakigu ez dagoela konponbide errazik, eta erronka honi bakarrik egin diezaiokegula aurre guztiok batera lan eginda, elkartasun eta erantzukizun espirituarekin". Halaxe dio gobernuburuek Bruselan izandako afari informal batean adostutako adierazpenak. Afari horretan, Ekialdeko herrialdeekin izandako tentsio-uneak izan dira nagusi, ez baitaude ados 120.000 errefuxiatu birkokatzeko asteartean esleitu zitzaizkien kuotekin.
Aipatutako ezohiko bileraren helburuak errefuxiatuen krisia eteteko berehalako neurriak zehaztea eta, epe luzera begira, asilorako eta migraziorako politika europarra gainbegiratzea ziren.
Testuaren arabera, 28 estatu kideek egun badiren arauak "defendatu, aplikatu eta inplementatu behar dituzte". Horrez gain, Tuskek esan du epe motzera hartu beharreko neurri horietako zenbait Europako Batzordeak urriaren 15ean eta 16an bilera egin aurretik jarri behar direla martxan.
Estatu kideak bat datoz kanpoko mugen gaineko zaintza areagotu behar dela, "egoera dramatikoa" geldiarazteko asmoz. Hori dela eta, baliabide gehigarriak emango dizkiete Frontex (Kanpoko Mugak Kontrolatzeko Europako Agentzia), EASO (Asiloari Laguntzeko Europako Bulegoa) eta Europol agentziei, baita estatu kideetako talde eta langileei ere.
EBko kideek adostutako adierazpenak jasotzen duen beste asmoetako bat krisiaren eragin handiena jasotzen ari diren herrialdeei laguntza eskaintzea da, batez ere heltzen diren pertsonak identifikatu, erregistratu eta horien hatz-markak hartzeko, "birkokatzeak eta itzulerak bermatzeko". Parisek eta Berlinek hotspots izenaz ezagutzen diren zentroak lehenbailehen abiatzeko eskatu dute, Italiatik eta Greziatik asilo-eske heldu diren 160.000 errefuxiatu birkokatzeko programak aktibatzeko xedearekin.
Hotspots horiek Italian eta Grezian garatuko dira, baina Bulgariak ere zentro horietako bat izatea eskatu du, Turkiarekin duen mugan jartzeko.
Inguru horretako herrialdeei laguntza gehiago emateko, errefuxiatuentzat gutxienez 1.000 milioi euro gehiago zuzentzea onartu dute, besteak beste, Elikagaien Mundu Programaren eta Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren bidez bideratzeko.
Funtsak Europako diru-kutxako 500 milioi jasoko ditu (Europako aurrekontua zuzendu beharko da horretarako; datorren astean egingo dute, seguruenik), eta estatu kideek beste horrenbesteko ekarpena egitea espero dute.