Mundua -
Bake akordioak Kuban
Kolonbiako Gobernuak eta FARCek amnistia zabala adostu dute
Trantsiziorako justizia eta jurisdikzio berezi bat adostu dute aldeek. Garrantzi handiko adostasuna da behin betiko bake akordioa sinatzeko. Bakea sinatzeko sei hilabeteko epea zehaztu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Delitu politikoak egotzita zigortutakoei amnistia “ahalik eta zabalena” emango die Kolonbiako Estatuak, baina gizateriaren aurkako krimenak, genozidioa edo gerra krimen larriak egin dituztenak amnistiatik kanpo utziko ditu, Gobernuak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek (FARC) lortutako akordioaren arabera.
Honenbestez, trantsiziorako justiziaren inguruan garrantzi handiko akordioa adostu dute aldeek. Adostasunaren berri emateko ekitaldian, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea eta Timochenko FARCen buruzagi nagusia egon dira.
Era berean, bahiketak, askatasunen urraketa larriak eta torturak indultutik kanpo geratuko dira, adierazpen bateratu batean azaldu dutenez. Kuba eta Norvegia herrialde berme-emaileetako ordezkariek irakurri dute akordioa Habanan (Kuba).
Desagerpenak, fusilamenduak, sexu-indarkeria eta erbesteratze behartuak ere amnistiatik at geratuko dira.
“Delitu horiek ikertu eta bake jurisdikzio berezi batek epaituko ditu”, zehaztu dutenez. Jurisdikzio berezia aldeek adostu dute, eta horrek behin betiko bake akordioa lortzeko bidea erraztu du. Azken itun hori sinatzeko, sei hilabeteko epea finkatu dute bi aldeek.
Rodolfo Benitez eta Dag Nylander Kuba eta Norvegia herrialde bermatzaileetako ordezkariek irakurri dute akordioa, bi aldeetako ordezkariak ondoan, Santos eta Timochenko buru zituztela.
Humberto de la Calle Gobernuko ordezkariak eta Ivan Marquez (Luciano Marin Arango) gerrillako buruzagiak sinatu dute akordioa.
Gerrillako 50 buruzagiren inputazioak, bertan behera
Horrela, gerrillako 50 buruzagiren aurkako auziak bertan behera utzi ditu Habanan sinatutako akordioak, Kolonbiako Fiskaltzak adierazi duenez.
Hala ere, “horrek ez du esan nahi ikerketak bertan behera geratzen direnik”, zehaztu du Fiskaltzak. Hainbat hamarkadatako gatazka armatuan gertatu diren 38.000 bat gertakari ikertzen jarraituko dutela erantsi du.
Santos: “Ez da lan erraza izango"
“Biktima berririk ez izatea biktimen eskubideak bermatzea bezain garrantzitsua da; Kolonbiako gatazka armatua behin betiko amaitzea, alegia”, ohartarazi du Kolonbiako presidenteak.
Kolonbiako estatuburuaren hitzetan, “ez da lan erraza izango, adosteko puntu zail batzuk geratzen direlako oraindik”, baina bi aldeek behin betiko akordioa “ahalik eta lasterren” lortzeko agindua dute.
AEB: "Aurrerapauso historikoa da"
John Kerry Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariaren ahotan, bi aldeen arteko akordioa “aurrerapauso historikoa” da.
Bestalde, Frantzisko aita santua akordioarekin “oso pozik” izango dela esan du Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak.