Mundua -
errefuxiatuak
Ume bat hil eta beste 13 lagun desagertu dira, ontzi bat hondoratuta
Beste 11 lagun uretatik erreskatatu dituzte. Europara heldu nahi duten errefuxiatuentzat Grezia da atea nagusia.
Agentziak | Erredakzioa
Bost bat urteko neskato bat hil da eta 13 errefuxiatu desagertu dira Grezian, ontzi bat hondoratu ostean. Beste 11 lagun uretatik erreskatatu dituzte, Greziako kostazainek azaldu dutenez. Lesbos irlaren parean izan da ezbeharra.
Joan den asteartean beste hondoratze bat izan zen, eta 22 pertsona hil eta 200 erreskatatu zituzten, Kosera iritsi nahian zirela.
Igandean, bestalde, 34 errefuxiatu hil ziren, gehienak jaioberriak eta haurrak, Farmakonisi irlatik gertu hirugarren ontzi bat hondoratu ostean.
Europara heldu nahi duten errefuxiatuentzat Grezia da egun atea nagusia. Gehienak Siriako gerratik ihesi heltzen dira.
Greziak astea honetan adierazi duenez, 150.000 asilo eskaera jaso dituzte uztaila eta abuztua bitartean. Migrazioen Nazioarteko Erakundearen datuen arabera, 473.887 lagunek zeharkatu dute Mediterraneo Europara bidean, eta horietatik 349.109 heldu dira Greziara.
Kroaziak dio Hungaria ''behartu'' zuela errefuxiatuak hartzera, eta horri eutsiko diola
Kroaziak Hungaria ''behartu'' du errefuxiatuak hartzera, eta horri eutsiko dio, Zoran Milanovic lehen ministroak larunbat honetan azaldu duenez. ''Behartu egin genituen jendea bertara bidalita. Eta hori egiten jarraituko dugu'', esan du.
Ostiralean,autobusak eta trenak igorri zituzten errefuxiatuekin, Hungariarantz. Kroaziako Gobernuak adierazi duenez, 17.000 baino gehiago izan dira Kroaziara heldutakoak, Hungariak kontrola zorroztu zituenetik.
Manifestazioa Bilbon
Gobernuz Kanpoko Erakundeak, gizarte eragileak, talde antimilitarista eta feministak eta zenbait alderdi politiko bildu dira larunbat honetan Bilboko Arriaga plazan, errefuxiatuen egoera salatzeko. 'Guerrarik ez. Babeserako eskubidearen alde' lelopean, salatu egin dute ¡¡gerrek eta inbasio inperialistek'' sortutakoa dela egun errefuxiatuek bizi duten egoera. Bertan izan dira, besteak beste Bilboko EH Bilduko, Udalberriko eta Ganemos Goazen Bilboko ordezkariak.