Mundua -

Errefuxiatuen krisia

Austriak kontrolak ezarri ditu Hungariako mugan

Bestetik, Hungaria eta Serbia arteko muga itxita dago astelehenaz geroztik.

Errefuxiatuak trenaren zain Salzburgoko tren geltokian (Austria). Argazkia: EFE
Errefuxiatuak trenaren zain Salzburgoko tren geltokian (Austria). Argazkia: EFE
Errefuxiatuak ibilbide alternatiboak bilatzen ari dira mugak itxita daudelako

2:05

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Austriak muga-kontrolak ezarri ditu gauerditik hasita Hungariako mugan, ekialdetik Europa erdialdera eta iparraldera doazen errefuxiatu-oldea kanalizatzeko eta ordenatzeko asmoz, Austriako gobernuak astearte honetan iragarri duenez.

Johanna Mikl-Leitner Austriako Barne ministroak eskutitza bidali dio Europako Batzordeari muga-kontrolen berri emanez. Horrez gain, 600 soldadu bidaliko dituzte mugak zaintzera.

Kontrolak apurka-apurka ezarriko dira, "Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetatik datozen errefuxiatuen fluxuari erantzuteko eta ordena publikoa eta barne segurtasuna arriskuan ez jartzeko", gaineratu du ministroak.

Dena dela, "asilo eskatzaileek onartu behar dute ezin dutela nora doazen aukeratu", ohartarazi du Mikl-Leitnerrek.

Horrenbestez, Austriak Alemaniaren jarrera bera hartu du eta, muga-kontrolak ezartzeaz gain, Hungariatik datozen 2.500 eta 3.500 errefuxiatu artean onartuko ditu eguneko.

Alemaniak errefuxiatuen banaketarako guneak irekiko ditu

Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak iragarri duenez, errefuxiatuen banaketarako guneak irekiko ditu Gobernuak, gainezka eginda dauden Alemaniako hirien egoera arintzeko.

Gune horien funtzio nagusia errefuxiatu iritsi berriei lehen arreta eskaintzea, jendea erregistratzea eta estatu federatuen artean banatzea izango da.

Dena den, Merkelek oraingoz ez du zehaztu errefuxiatuen banaketarako zenbat gune irekiko dituen eta horien funtzio zehatzak zein izango diren.

Errefuxiatuak, Serbia eta Hungaria arteko mugan

Mila errefuxiatu baino gehiago pilatu dira Serbia eta Hungaria arteko mugan, Hungariako agintariek pasabidea ireki zain.

Muga itxi zuen Hungariak astelehenean, eta agiriak dituzten errefuxiatuen asilo eskakizunak bakarrik bideratuko ditu sarrera-puntu ofizialetan. Legedi berria astelehen gauerdian indarrean sartu ondoren, Hungariako segurtasun indarrek 45 errefuxiatu atxilotu dituzte. Izan ere, muga legez kanpo gurutzatzen dutenentzat espetxe-zigorrak aurreikusten ditu araudia berriak.

Aleksandar Vulin Serbiako Lan ministroak Horgoseko muga-pasabidea bisitatu du gaur, eta ohartarazi duenez, egoera gero eta zailagoa da Serbian eta serbiarrei aurrez abisatu gabe muga ixtea egotzi dio Hungariari.

Hungariako muga igaro ezinik, hainbat errefuxiatuk Serbiatik Kroaziarako bidea hartu dute, ondoren, Schengen eremuko kide den Esloveniara abiatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Alemania bideoak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Hungaria gaur Errefuxiatuak Austria