Mundua -
Barne ministroen bilera
EBk bilera egingo du irailaren 22an, errefuxiatuen krisia aztertzeko
Hilabete honetan estatuburuen eta gobernuburuen bilera egitea eskatu dute Alemaniak eta Austriak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europar Batasuneko (EB) Barne ministroek bilera egingo dute irailaren 22an, astebetean bigarrena, errefuxiatuen auzian herrialdeen artean sortu diren zatiketak gainditzeko eta 120.000 errefuxiatu EBko herrialdeetan birkokatzeko egitasmoa adosteko.
Atzo, errefuxiatuen krisia jorratzeko bilera egin zuten EBko Barne ministroek Bruselan, baina bilera akordiorik gabe amaitu zen. Europako Batzordeak 120.000 errefuxiatu Europar Batasuneko herrialdeetan birkokatzeko egitasmoa jarri zuen mahai gainean, baina 28 herrialdeak ez ziren ados jarri.
Asteleheneko bilera amaitu baino ordu batzuk lehenago, akordioa egintzat jo zuten Alemaniak eta Frantziak, baina errefuxiatuak banatzeko derrigorrezko kuota sistemak adostasuna eragotzi zuen.
Herrialde gehienak asilo eskaera egiten duten errefuxiatuak birkokatzeko programa adostearen alde agertu ziren, baina erabakia urriaren 8ko goi-bilerara atzeratu zuten. Bien bitartean, lan teknikoan aurrerapausoak ematea eta behin betiko akordioa urriaren 8ko goi-bileran hartzea da asmoa.
Dena den, datozen bi urteetan 32.000 errefuxiatu EBko herrialdeetan birkokatzea adostu zuten EBko herrialdeek.
Atzoko bilerak porrot egin ondoren, Jean Asselborn Luxenburuko Atzerri ministro eta EBko txandakako presidenteak urriaren 8a baino lehen beste batzar bat deitzea erabaki du.