Mundua -

Errefuxiatuen krisia

Akordiorik ez, 120.000 errefuxiatu birkokatzeko egindako EBren bileran

Alemaniak eta Frantziak errefuxiatuak hartzeko oinarrizko akordio bat iragarri dute, baina kuotak finkatzeko zailtasunak onartu dituzte. Erabakia urriaren 8ko goi-bilerara utzi dute.

Europar Batasuneko herrialdeetako Barne ministroak bilera egiten ari dira Bruselan. Argazkia: EFE
Europar Batasuneko herrialdeetako Barne ministroak bilera egiten ari dira Bruselan. Argazkia: EFE
Adostasunik ez, 120.000 errefuxiatu banatzeko

1:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Akordiorik gabe amaitu da 120.000 errefuxiatu Europar Batasuneko herrialdeetan birkokatzeko 28 herrialdeetako Barne ministroek astelehen honetan Bruselan egin duten bilera. Erabakia urriaren 8ko goi-bilerarako utzi dute.

"Herrialde gehienek" errefuxiatuak hartzeko "konpromisoa" agertu dute, Jean Asselborn Luxenburgoko Atzerri ministroak bilera amaitutakoan kazetarien aurrean azaldu duenez. Seihileko honetan Luxenburgori dagokio Europar Batasuneko presidentetza.

Adostasuna lortzeko oztopoetako bat errefuxiatuak birkokatzeko programa derrigorrezkoa izatea izan da, iturri diplomatikoek adierazi dutenez. Horien arabera, Poloniak, Hungariak, Txekiar Errepublikak, Eslovakiak eta Letoniak blokeatu dute akordioa.

Alemaniako eta Frantziako ministroek 28 herrialderen arteko akordioa iragarri dute bilera amaitu baino lehen eta "horrek ez du lagundu" azken eragozpenak gainditzen, negoziazioetan parte hartu duen goi-funtzionario baten hitzetan.

Behin akordioa zapuztuta, Europar Batasuneko herrialde gehienek proiektuarekiko erakutsi duten konpromisoa azpimarratu du Europar Batasuneko presidentetzak. Datozen asteetan lan teknikoan aurrerapausoak ematea eta behin betiko akordioa urriaren 8ko goi-bileran hartzea da asmoa.

Erabaki bati babes politikoa ematen dion testua ixteko herrialde guztien adostasuna beharrezkoa da EBko araudiaren arabera. Dena den, praktikan ez da beharrezkoa izango eta nahikoa izango da gehiengo kualifikatua lortzea.

Diferentziak diferentzia, Italia eta Greziara iritsi eta asilo eskaera egin duten errefuxiatuak birkokatzeko akordioa lortu dute EBko Barne ministroek. Bruselak 40.000 errefuxiatu birkokatzea eskatzen du, baina oraingoz 32.000 hartzeko konpromisoa hartu dute herrialdeek -tartean 1.300 Espainiak-.

Italiara eta Greziara iritsitako errefuxiatuen artetik, bi urteko epean, 40.000 errefuxiatu Europar Batasuneko herrialdeen artean banatzea adostu dute Europar Batasuneko Barne ministroek Bruselan. Dena den, orain arte 32.256 pertsona hartzeko konpromisoa hartu dute herrialdeek eta konpromiso horiek errebisatu egin beharko dira abenduan.

Europako Parlamentuak atsekabea agertu du EBko herrialdeak errefuxiatuen inguruko erabaki bat hartzeko gai izan ez direlako. "Estatukideek porrot egin dute berriz ere erabaki zailak hartu eta errefuxiatuen krisiari erantzuna ematerakoan", adierazi du Claude Moraes Europako Parlamentuko migrazio eta asilorako batzordeko presidentearen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Batasun europarra Gaurko azken ordukoa Siriar errefuxiatuak Europan bideoak