Mundua -
Krisia
Hungariak dio errefuxiatuena ez dela EBren arazoa, Alemaniarena baizik
Bestalde, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak gutxienez 100.000 errefuxiaturen banaketa "justua" onartzeko eskatu die Europar Batasuneko herrialdeei.
agentziak | erredakzioa
Viktor Orban Hungariako lehen ministroak esan du errefuxiatuen arazoa ez dela Europarena, "Alemaniarena baizik", eta argi adierazi du ez diela pertsona horiei Hungariatik ateratzen utziko erregistratu arte, hala exijitzen dutelako Berlinek, Vienak eta araudiak.
"Ez da estrategia kontua. Oso araudi argia dugu, eta Austriako eta Alemaniako kantzilerrek argi adierazi dute ezin dutela atera erregistratu aurretik. Ez da estrategia, legedia betetzea da", adierazi du Orbanek Martin Schul Europako Parlamentuko presidentearekin bildu ostean.
"Arazoa ez da europarra; arazoa Alemaniarena da. Inork ez du Hungarian geratu nahi. Ez dugu arazorik geratu nahi dutenekin, baina inork ez du geratu nahi. Ezta Eslovakian, Polonian eta Estonian ere. Guztiek joan nahi dute Alemaniara, eta gure lana erregistratzea da", azpimarratu du.
Orbanek azaldu duenez, Schengen kodeak, Dublin sistemak eta Frontexek "argi adierazten dute kanpo mugen ardura eta betebeharra estatu kideena dela", eta horixe berretsi dute estatuburuek azken goi-bileran.
Hungariako lehen ministroaren arabera, Schengen "arriskuan" dago uneotan, horregatik hartu omen du mugak zaintzeko konpromisoa.
Tuskek 100.000 errefuxiatu hartzea eskatu du
Bestalde, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak gutxienez 100.000 errefuxiaturen banaketa "justua" onartzeko eskatu die Europar Batasuneko herrialdeei, eta esfortzu handiagoa egin dezatela, baita finantza alorrean ere.
"Errefuxiatu gehiago onartzea ez da irtenbide bakarra, baina benetako elkartasun keinua da. 100.000 errefuxiaturen banaketa justua da hain zuzen, gaur egun behar duguna", adierazi du Orbanekin bildu den egunean.
"Buruzagiek ez badute borondate onik erakusten, elkartasuna eslogan hutsala izango da, eta xantaia politikoarekin eta zatiketarekin ordezkatuko da", ohartarazi du Europako Kontseiluaren presidenteak.