Mundua -
Grezia
Parlamentua desegin eta irailaren 20rako bozak deitu dituzte Grezian
Hauteskundeak egin eta gobernu berria osatu bitartean, behin-behineko gobernuak premiazko gaiak kudeatu beharko ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Prokopis Pavlopoulos Greziako presidenteak Parlamentua desegin eta hauteskundeak deitu ditu irailaren 20rako, gaur dekretua sinatu ondoren. Azkenean, beraz, Alexis Tsipras Greziako presidente ohiak proposatutako egun berean ospatuko dira bozak.
Presidentetzako iturriek baieztatu dutenez, Pavlopoulosek dekretua sinatu du eta hauteskundeak irailaren 20an egingo dira. Behin dekretua sinatuta, hauteskundeen aurreko azken pausoa eman du Greziako presidenteak.
Gaurtik aurrera, behin-behineko gobernu batek gidatuko du herrialdea, Vassiliki Thanou lehen ministroa buru dela. Gobernu berria teknokratek eta politikariek osatuko dute eta gaur bertan egin dute karguen zina.
Aurreko astean Tsiprasek dimisioa eman zuen hirugarren erreskatearen negoziazioaren inguruan SYRIZA barruan sortutako eztabaiden ondorioz. Dena den, SYRIZA da irailaren 20ko hauteskundeak irabazteko faborito nagusia.
Ostiral honetan Efimerida Ton Syntakton egunkariak kaleratutako inkesta baten arabera, SYRIZAk irabaziko ditu hauteskundeak botoen % 23 eskuratuta, Demokrazia Berria alderdi kontserbadorearen auretik (% 19,5). Bestalde, SYRIZAko kritikoek sortutako Batasun Popularra alderdi berriak botoen % 3,5 lortuko ditu.