Mundua -
Immigrazioa
71 errefuxiatu hil dira Austrian, kamioi batean itota
Hiru lagun atxilotu dituzte, ostiraleko goizean. Hildako etorkinak Austrian aurkitu dituzte, itota, garraio-kamioi baten barruan, Hungariako mugatik oso gertu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
71 errefuxiatu hilik aurkitu dituzte Austrian, garraio-kamioi baten barruan, Austriako Gobernuak baieztatu duenez. Gorpuak deskonposatze-egoera nabarmenean zeuden. Hiru lagun atxilotu dituzte Hungarian auzi honekin lotuta, Austriako gobernuak jakitera eman duenez.
Kamioia A4 autobideko albo batean aurkitu dute, aparkatuta, Neusiedl lakuaren eta Parndorf herriaren artean (Hungariako mugatik gertu). Hans Peter Doskozil Burgenland estatu federatuko Poliziaren zuzendariak jakinarazi duenez, 71 pertsona hil dira; tartean, 59 gizonezko, 8 emakume eta 4 adingabe.
Bizirik geratu diren hainbat lagunek (tartean hamar adingabe daude, kamioitik irtetea lortu dutenak) esan dute "ia airerik ez" zutela arnasa hartzeko barnean. Nahiz eta gidariari gelditzeko eskatu, horrek ez zien kasurik egin, eta atsedenik hartu gabe Serbiako mugatik Austriaraino gidatzen jarraitu zuen. Horrek esan nahi du Hungaria ere zutela gurutzatua, bidaian zehar.
Hiru pertsona atxilotu dituzte Hungarian
Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu Hungarian kasuarekin lotura izan dezaketelakoan, Austriako agintariek berri eman dutenez.
Atxilotuetako bi bulgarriarrak dira eta hirugarrena, berriz, hungariarra. Hala azaldu du Hans Peter Doskozil Poliziaren zuzendariak kazetarien aurrean eskainitako prentsaurrekoan.
Baliteke Austrian sartu baino lehen hil izana
"Kontuan hartu behar da kanpotik ere, kamioiko atzealdetik, deskonposatze-likidoa irteten zela. Begiratu batean, ez zen posible izan kalkulatzea zenbat gorpu zeuden", esan du Poliziako zuzendariak.
Egiaztatuta dago, dena den, kamioia Budapestetik gertu ikusi zutela asteazkenean (Hungariako matrikula zuen). Gainera, adierazi dutenez, baliteke errefuxiatuak Austrian sartu baino lehen hil izana.
Ikerketen arabera, biktimak gorpuak atzeman baino 36-48 ordu lehenago hil ziren.
Polizia ibilgailuaren gidariaren bila dabil; oraingoz, ez dago arrastorik. Kamioiak agenteen atentzioa eman zuen; izan ere, hainbat ordu zituen emanda autobidearen bazterbidean.