Mundua -
Italia eta Grezia
Merkel eta Hollande, errefuxiatuen erregistorako zentroen alde
Bestalde, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeatren presidenteak baztertu egin du migrazio presioari aurre egiteko beste goi-bilera bat egitea.
Agentziak | Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta François Hollande Frantziako presidenteak errefuxiatuak erregistratzeko zentroak aurten bertan irekitzeko deia egin diete Italiari eta Greziari, eta asilo politika komunerako porposamena aurkeztuko dutela jakinarazi dute.
Greziako eta Italiako erregistro zentroak "aurten ireki behar dira", atzerapenik gabe, adierazi du kantzilerrak Berlinen Hollanderekin bildu aurretik biek emandako prentsaurrekoan.
Merkelek azaldu duenez, EBko gainerako estatuek Greziari eta Italiari lagunduko diote, aurreko ekainean adostu zuten legez, zentro horiek martxan jartzeko eta langile kualifikatuak egon daitezen.
Kantzilerrak gogo txarrez hartu du ekaineko migrazio krisiaren ondorioz adostutakoa herrialde batzuetan bete ez izana, eta Europako Batzordeari itunak betearazteko deia egin dio.
Kide guztiek erregistratu behar dituzte Schengen eremuan sartzen diren errefuxiatuak eta oinarrizko baldintza batzuk eskaini, eta Bruselak ikuskari lanak egin behar ditu, akordioak bete daitezen.
Hollandek, bere aldetik, "oso beharrezko"tzat jo ditu zentro horiek, "erabaki egokia" hartu beharra dutelako: asiloa hartzeko aukerak dituztenak hautatu eta ez dutenak berehala kanporatu.
Asilo politika komuna
Era berean, kantzilerrak eta Frantziako presidenteak esan du 28ek asilo politikak bateratu beharra dituztela. Hala, gainerako estatu kideei proposamen bat helaraziko dietela jakinarazi dute.
Alemaniako gobernuburuak azpimarratu du "herrialde seguruen" zerrenda bat adostu beharra dagoela, hau da, nongo herritarren eskariak ezin diren onartu, bertako baldintza demokratikoak nahikoa onak direlako.
EBren ustez ez da beharrezkoa goi-bilera bat
Jean Claude-Juncker Europako Batzordearen presidenteak baztertu egin du udan okerrera egin duen migrazio presioari buruz beste goi-bilera bat egitea, eta akordioak betetzeko deia egin die estatuei.
"Ez dugu goi-bilera gehiago behar. Estatu kideek neurriak hartu eta aplikatu behar dituzte", adierazi du Le Figaro eta Die Welt egunkarietan argitaratutako artikulu batean.
Alemania xenofobiaren aurka borrokatuko da, Heidenauko istiluen ostean
Thomas de Maiziere Alemaniako Kanpo Arazoetarako ministroak eskuin muturreko militanteak geldiarazteko deia egin du; izan ere, Heidenau hirian, Alemania ekialdean, istiluak izan dira, errefuxiatu-etxe baten inguruetan, manifestari eta polizien artean.
"Laguntza eskatzen duen jende-oldea ikusteaz gain, babesa eskatzen dutenen aurka gorrotoak, irainek eta indarkeriak ere gora egin dutela nabaritu dugu. Hori zatarra da, ez da duina", esan du De Maizierek Bild am Sonntag egunkariari egindako adierazpenetan. "Jokaera hori dutenek legeari egin beharko diote aurre", azpimarratu du.