Mundua -

Immigrazioa

Ehunka errefuxiatuk hesia apurtu dute, eta Mazedonian sartu dira

Larrialdi-egoera ezarrita dute Mazedoniako muga-eskualdeetan, Europako erdigunera joan nahi eta horretarako Mazedonia zeharkatu nahi duten dokumentaziorik gabeko ehunka etorkinak direla eta.

Mazedonian zain dauden herritarrak Siriatik datoz batez ere. Argazkia: EFE
Ehunka errefuxiatu Mazedonian sartu dira kaosaren erdian

2:11

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gevgelijako tren-geltokitik hurbil itxaroten zeuden ehunka errefuxiatuk segurtasun-hesia apurtu dute, eta muga zeharkatuta, Mazedonian sartzen lortu dute.

Egunak zeramatzaten errefuxiatu horiek Serbiarainoko tren bat hartzeko zain. Gauzak horrela, Poliziak zaintzen zuen hesia igarotzen lortu dute, bertan bildutakoak sakabanatzeko agenteek granadak bota arren.

Larrialdi-egoera ezarrita dute Mazedoniako muga-eskualdeetan, Europako erdigunera joan nahi eta horretarako Mazedonia zeharkatu nahi duten dokumentaziorik gabeko ehunka etorkinak direla eta.

3.000 etorkin inguruk egindako presioa dela eta, Mazedoniako Gobernuak bost tren egunero prestatu ditu, egun bakoitzeko 700 lagun inguru Serbiako mugaraino eramateko, hain zuzen ere.

Polizia eta Armadako agenteak muga zaintzen ari dira ostegunaz geroztik, Mazedoniako Gobernuak ezarritako larrialdi-egoera dela eta. Mugatik gertu dauden basoetan etorkinen bila ari da Armada, hori baita etorkinentzako biderik onena, herrialdera sartzeko kontrolak areagotu ostean.

Mazedonian zain dauden herritarrak Siriatik datoz, baina baita Pakistanetik, Bangladeshetik edo Somaliatik.

Zifra ofizialen arabera, 40.000 etorkin baino gehiago iritsi dira Mazedoniara azken bi hilabetetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa