Mundua -

Grezia

Tsiprasen dimisioak zalantzaz betetako beste aldi bat ireki du

Demokrazia Berria alderdia Gobernua osatzen saiatuko da, baina litekeena da hauteskundeak deitu behar izatea. Bestalde, Syrizako zenbait kide alderditik atera eta beste bat eratu dute: Herri Batasuna.

Syrizaren apurketa Grezian zazpi hilabeteko gobernuaren ondoren

1:47

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan Greziako lehen ministro Alexis Tsiprasek emandako dimisioak ziurgabetasunez betetako aldi batean murgildu du berriro ere Grezia. Pentsatzekoa denez, egoera hauteskundeak aurreratuta amaituko da, baina oraindik ez dago horretarako data zehatzik, nahiz eta itxura guztien arabera irailean zehar egingo diren.

Nazioaren aurrean egindako agerraldian, Tsipras hauteskunde aurreratuak egitearen alde azaldu zen; horrela, greziarrek beraiek erabakiko lukete berak izan behar duen Greziaren hirugarren erreskatearen truke hartzekodunekin adostutako neurri-sorta aplikatu behar duena. Erreskatearen lehendabiziko zatia ostegunean bertan ordaindu zioten.

Bere burua herrialdea salbatzeko eta hari duintasuna itzultzeko aukerarik onena gisa aurkeztu ostean, Tsiprasek herrialdeko presidente Prokopis Pavlopoulosi dimisioa emateko formalismoa bete zuen. Hautetsontziekin beste hitzordu bat izateko premia defendatu zuen haren aurrean, urtarrilaren 25ean boterera eraman zuten hauteskundeak egin zituztenetik zazpi hilabete baino gutxiago igaro den arren.

Hain zuzen ere, horrek, hots, bere gobernuak oraindik urtebete ez izateak, eragotzi egiten du (Konstituzioan hala jasota baitago) hauteskundeak berehala deitu ahal izatea. Horren aurrean, presidentea behartuta dago boto gehien jaso zituen bigarren alderdiari koalizio iraunkor bat eratzeko aukera azter dezala agintzeko.

Demokrazia Berria alderdia Gobernua eratzen saiatuko da

Legebiltzarrean bigarren ordezkaritza zabalena duen Demokrazia Berria alderdiko buruak, Vangelis Meimarakisek, ostegunean jakinarazi zuenez, koalizioa osatzeko kideak bilatzeko dituen hiru egunak agortuko ditu.

"Aukera guztiak aztertuko ditugu, hauteskundeak azken aukera izan daitezen, ez lehena, Tsiprasek nahi duen bezala", azpimarratu zuen.

Meimarakis ekainean izandako erreferendumean ezezkoak irabazi ostean jarri zen alderdiaren buru, Antonio Samarasek dimisioa aurkeztu baitzuen. Hala, atzo adierazi zuenaren arabera, PASOK eta To Potami alderdietako buruekin bilduko da, eta bere alderdiko goi-kargudunei galdetuko die ea Urrezko Egunsentia alderdiko neonaziekin bildu ala ez.

Horrenbestez, Meimarakisek epea agortzen badu, presidenteak boto gehien jaso zituen hirugarren alderdiari eskatu beharko dio gobernua eratzea; Urrezko Egunsentia alderdi ultraeskuindarrari, alegia. Hortik aurrera, ez dago argi alderdi horrek ere hiru eguneko epea agortuko duen, eta, horrela, Parlamentuan ordezkaritza duten beste alderdiei txanda emango dien.

Hauteskunde aurreratuak

Egoera horren aurrean, ematen du presidenteak hauteskundeak aurreratu beste aukerarik ez duela izango. Zehaztu gabe dagoen gauza bakarra data da; izan ere, ostiral honetan hasiko diren elkarrizketak luzatuz gero, ezingo dituzte irailaren 20an egin, Gobernuak proposatu bezala.

Hauteskunde horien emaitzari dagokionez, Tsiprasek abantaila nabaria du oraindik, botoen % 40 baino gehiago jasoko baititu, galdeketen arabera, nahiz eta erreferendumean ezetzak irabazi ostean atzera egin zuen. Lehen ministroak bozen % 36 baino gehiago eskuratuta irabazi zituen urtarrileko hauteskundeak.

Syrizaren alde ezkertiarra

Alabaina, gaur bertan Ezkerreko Plataformak alde egin du Syriza alderditik. Plataforma hori Panagiotis Lafazanis Energia ministro ohiak gidatzen du, eta ikusteko dago irteera horrek zer-nolako eragina izango duen Syrizaren emaitzetan. Greziako Parlamentuak adierazi duenez, bereizitako alderdia 'Herri Batasuna' deituko da, eta talde parlamentario propioa osatuko du, 25 eserlekurekin.

Syrizako kideen % 30 baino gutxiago bildu dituen talde horrek drakma berreskuratzea proposatzen du, eta gogor kritikatu ditu Tsiprasek hartzekodunekin izandako elkarrizketak, ez baitaude ados neurri gehiago ezartzearekin.

Horrenbestez, litekeena da Tsiprasek ez lortzea bakarka gobernatzeko adina babes, eta gobernukide bat bilatzera behartuta egotea berriro. Baliteke Greziar Independenteak alderdiko eskuindarrekin egitea berriro koalizioa, baina bada zentroko alderdiekin ados jartzeko aukera izango lukeela ikusten duenik ere.

Bitartean, hauteskundeak egin arte herrialdea zuzenduko duen aldi baterako gobernua eratu beharko litzateke. Greziako legediaren arabera, Auzitegi Goreneko presidenteari egokituko litzaioke kabinete berri hori zuzentzea. Egun, Vassiliki Thanou-Christophilou dago Auzitegi Goreneko presidente; hortaz, Greziako Gobernua zuzenduko lukeen lehen emakumea izango litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Greziako berriak