Mundua -

Kolonbia

FARCek luzatu egin du uztailaren 20ko aldebakarreko su-etena

Hala ere, Gobernuaren aldetik jarrera baliokidea egotea eskatu dute, "gatazkaren baretze-prozesua sendo dadin".

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek (FARC) gaur (osteguna) jakinarazi dutenez, luzatu egingo dute joan zen hilabetean iragarri zuten aldebakarreko su-etena; haien aburuz, beharrezkoa baita "giro politiko egokia" izatea Juan Manuel Santos presidenteak zuzentzen duen Gobernuarekin egiten ari diren bake-elkarrizketek aurrera jarrai dezaten.

Habanatik, Carlos Antonio Lozada gerrillariak baieztatu egin du su-etena luzatuko dutela, baina ez du zehaztu noiz arte. Berak esandakoaren arabera, erabaki hori hartu dute nahiz eta Gobernuko indarrak ez diren ari hartutako konpromisoak betetzen, eta gerrillaren aurka erasoaldiak egin dituzten.

"Gobernuaren aldetik jarrera baliokidea egotea eskatzen dugu, gatazkaren baretze-prozesua sendo dadin eta aldebiko behin betiko su-etena erdiestea lortu arte", gaineratu du FARCko ordezkariak Habanan hasi behar dituzten elkarrizketa-sorta berriei hasiera eman aurretik.

Gerrillak uztailean 20ean eman zion hasiera bere azken su-etenari, eta nahiz eta hasiera batean ziurtzat eman zen azarora arte luzatuko zela, Gobernuaren aurkako azken salaketek zalantzan jarri dute egitasmoak aurrera jarraitu behar zuen ala ez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak