Mundua -
Hirugarren erreskatea
Greziak EBZrekiko zorra kitatu du, erreskatearen zati bat jaso ostean
Europako Egonkortasun Funtsak emandako 13.000 milioi euroetatik 3.200 erabili ditu Greziak Europako Banku Zentralarekin zuen zorraren zati bat kitatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Greziaren hirugarren erreskatearen lehen ordainketa (13.000 milioi euro) jaso berri du Greziak, eta Europako Banku Zentralarekin (EBZ) zuen zorraren zati bat kitatzeko erabili du. 3.200 milioi euro ordaindu behar zizkion gaur Mario Draghik zuzentzen duen bankuari, eta ordainketa dagoeneko egin duela jakinarazi du Greziako Gobernuak. "Ordaindu dugu, funtsek bidean behar dute", adierazi dute Exekutiboko iturriek.
Klaus Regling Europako erreskate funtsaren zuzendariak 13.000 milioi euroko ordainketa egin dutela baieztatu du. "Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Europako Banku Zentralarekin dituen zorrei eta bestelako beharrizan ekonomiko batzuei aurre egiteko modua izango du, honenbestez, Greziak", azaldu du.
Atzo onartu zuen Europako Egonkortasun Funtsak Greziaren finantza programa, eta 26.000 milioi euroko lehen partida bat ordaintzea baimendu zuen. Guztira, 86.000 milioi euro emango dizkio Greziari.
Ostegun honetan 13.000 milioi euro jaso ditu Tsiprasen gobernuak, eta ia gehiena, 12.000 milioi, hainbat erakunderekin dituen zorrak kitatzeko erabiliko du.
13.000 milioi horiez gain, 10.000 milioiko beste partida bat jaso dute Greziako agintariek. Funtsak Luxenburgon duen kontu batean sartu dute hori guztia, dirutza horren bidez Greziako bankuak birkapitalizatzea baitute helburu.