Mundua -
Thailandia
20 hildakotik gora Bangkokeko erdigunean izandako atentatu batean
Erasoa hiriaren erdigunean izan da, hainbat hotel eta merkataritza-gune dituen zonalde batean. Gainera, 120 zauritu baino gehiago daude.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 20 lagun hil eta 123 zauritu dira Bangkoken (Thailandia) astelehen honetan izan den atentatuan. Lehergailu batek eztanda egin du hiriaren erdigunean, tenplu batetik gertu.
Erasoa Erawan tenplu hindutik gertu izan da, eta bertako herritar asko eta turistak egon ohi dira zonalde horretan. Hotel eta merkataritza-gune ugari daude inguruetan.
19:00ak aldera (Thailandiako ordua) egin du eztanda hiru kilo TNT zituen bonba batek. Bonba tenpluan ezkutatuta omen zegoen, eta 100 metro inguruan eragin ditu kalteak.
Eztandaren ostean, Poliziak eta Armadak ingurua itxi dute, eta miaketa lanei ekin diete. Beste bi objektu susmagarri aurkitu dituzte, baina gerora baieztatu dute ez zutela lehergairik.
Hildakoen artean ez dago espainiarrik.
Atentatuaren egilea
Thailandiako Gobernua ''balizko pistak'' aztertzen ari da, baina oraindik ez du argi adierazi nor izan daitekeen erasoaren egilea. Defentsa Ministerioko bozeramaile baten arabera, ''Thailandiaren irudi turistikoa suntsitu nahi dute, eta herrialdeko enpresa sektorean kaltea eragin''.
Azken urteotan politika mailako protesta jendetsuak hartu ditu zonalde horrek, eta beste bi eraso ere izan dira bertan aurretik.