Mundua -

Negoziazioa

Greziak eta hartzekodunek hirugarren erreskaterako akordioa lortu dute

Ondorengo orduetan aurkeztuko dute Parlamentuan lege-proiektua, ostegunean horren gaineko bozketa egiteko asmoarekin.

Alexis Tsipras, bere Gobernuko bi ministroren artean. Argazkia: EFE.
Alexis Tsipras, bere Gobernuko bi ministroren artean. Argazkia: EFE.
Hirugarren erreskaterako akordioa itxi dute Greziak eta hartzekodunek

1:38

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziak eta hartzekodunek hirugarren erreskaterako akordioa lortu dute, bertako hedabideek, negoziazioaren iturriak aipatuz, jakitera eman dutenez.

18 orduan negoziatzen eman ostean, aldeek azken desadostasunak gainditu dituzte eta ondorengo orduetan aurkez lezakete lege-proiektua Parlamentuan, ostegunean horren gaineko bozketa egiteko asmoarekin.

Garrantzi handirik gabeko "bizpahiru kontu" geratzen dira pendiente, Euklides Tsakalotos Greziako Finantza ministroaren esanetan. Ministeritzako bozeramaile batek ere baieztatu du akordioa; Greziak, Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak pribatizazioen funtsean eta banku-zorrean zituzten desadostasunak desblokeatu dituzte.

Greziak 86.000 milioi eurorainoko kanpoko laguntza behar du, finantza-egoera larriari irtenbidea emateko eta euroan jarraitzeko. Milioi horietako gutxienez 3.000 abuztuaren 20a baino lehen jaso behar ditu; izan ere, egun horretan egin beharko die aurre Europako Bankuarekin dituen zorrei.

Erreskate-programak eta lehen ordainketa izateko beharrezkoak diren neurrien lehen multzoak lege-proiektu bat osatzen dute, eta gaur bertan abiatuko dute lege-prozedura; izan ere, bozketa ostegunean egitea nahi dute, Eurotaldeak biharamunean onartu ahal izan dezan.

Aurrekontu-helburuak

Negoziazioetako azken zatian adostutako puntuetako bat berebiziko garrantzia zuen Greziarako, alegia, aurrekontu-helburuen gainekoa. Bi aldeek hitzartu dutenez, Greziak ez du hartu behar izango gehigarrizko neurririk, superabit primarioko helburuetan izango den desbideratzea konpentsatzeko. Izan ere, azken hilabeteetan izandako atzerapen ekonomiko handiak eragin du desbideratze hori.

2015erako, Greziak eta erakundeek (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala, Nazioarteko Diru Funtsa eta Egonkortasuneko Europako Mekanismoa) adostu dute superabit primarioa BPGren % 0,5ekoa izan beharko dela, ez % 1ekoa. 2016rako ere, superabit primarioa % 0,5ekoa izatea aurreikusi dute; 2017rako, % 1,75ekoa; eta, azkenik, 2018rako, % 3,5ekoa. Hori da hasiera batetik ezarrita zegoena.

Akordioaren gainerako xehetasunak ez dituzte jakitera eman, baina Gobernuko iturriek esan dute bankuen kreditu berankorrek izango duten tratamenduaren gaineko konpromisoa ere lortu dutela (negoziazioak izan dituen oztoporik handienetakoa izan da). Halaber, pribatizazio-funtsa berriak izango duen formatu juridikoari buruz ere lortu dute akordioa.

Greziak espero du 24.000 milioi euro izatea, lehen ordainketan; milioi horietatik, 10.000 bankaren birkapitalizatzerako erabiliko lituzke; 7.200, uztailean Euroguneko bazkideek emandako kreditua itzultzeko izango litzateke; eta beste 5.000 milioi, NDFri eta Europako Banku Zentralari epemugengatik ordaintzeko, abuztuan eta irailean.

Europar Batasunak arratsaldean aztertuko du akordioa

Europar Batasuneko goi-mailako funtzionarioek arratsalde honetan izango dute telefono-konferentzia Greziarekin adostutakoa aztertzeko eta jarraian eman beharreko pausuez hitz egiteko.

Europar Batasuneko Batzorde Ekonomiko eta Finantzarioak aurre-akordioaren berri izan du. Batzorde horretan herrialdeetako banku zentraletako kideak, Europar Batzordekoak eta Europako Banku Zentralekoak daude ordezkatuta.

Kongresuak datorren astean bozkatuko du

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak esan du datorren astean egingo dutela osoko bilkura Diputatuen Kongresuan Greziako hirugarren erreskatearen eta horretan Espainiak egingo duen ekarpenaren gaineko bozketa egiteko.

Mondariz-Balneario Pontevedrako udalerrian egindako bisitan, Rajoyk azaldu du Luis de Guindos Ekonomia ministroak esan diola akordioa heltzear dagoela, Europako erakundeen eta Greziaren artean, eta, hortaz, ostiralean Eurotaldearen bilera izango dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Munduko albisteak 2024 EB NDF bideoak Ekonomia albisteak Greziako albisteak Tsakalotos Europako Banku Zentrala