Mundua -

Hampshiren

Bin Ladenen hiru senide hil dira hegazkin-istripuz Erresuma Batuan

Hildakoen artean, Al Kaidako buruzagiaren arreba eta ugazama daude. Hegazkin pribatu saudiarabiarrak aparkaleku baten aurka behea jo du Blackbusheko aireportuan.

Istripua Blackbusheko aireportuan jazo da, Erresuma Batuan. Argazkia: EFE
Istripua Blackbusheko aireportuan jazo da, Erresuma Batuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bin Laden Al Kaidako buruzagiaren hainbat senitarteko hil dira Blackbusheko aireportuan izandako hegazkin pribatu batek istripua izan ostean. Hildakoen artean, Al Kaidako buruzagiaren arreba eta ugazama daude. Hegazkin pribatu saudiarabiarrak aparkaleku baten aurka behea jo du Hampshire udalerrian (Erresuma Batua).

Istripuan hiru bidaiari eta pilotua hil dira. Phenom 300 motako hegazkina Italiatik zetorren, eta aireportuko agintariek esan dutenez, behea jo du pistaren amaieratik hurbil lurra hartzen saiatu denean.

Mohamed bin Nawaf al Saud printzeak eta Erresuma Batuan Saudi Arabiaren enbaxadoreak doluminak agertu dizkio Twitterren bitartez Bin Laden familiari. Familia horrek garrantzi eta enpresa-interes handiak ditu Saudi Arabian.

Hildakoaren izen-abizenak baieztatu ez badira ere, Erresuma Batuko hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, Al Kaidaren buruaren arreba eta ugazama hil dira istripuan. Bin Laden bera 2011n hil zuten AEBko indarrek Pakistanen.

Bestalde, Saudi Arabiako abiazio zibileko agintariek jakinarazi dutenez, hegazkin pribatua saudiarabiarra zen. Gainera, ikerketan eta hildakoen aberriratzean laguntzea hitzeman dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea