Mundua -
Hegazkin istripua
Malaysia ikertzen dabil topatutako hondarrak MH370 hegaldiarenak diren
Frantziako Reunion uhartean aurkitu dituzte, eta 2014ko martxoaren 8an istripua izan zuen Malaysia Airlines konpainiaren Boeing 777 hegazkinarenak ote diren aztertzen ari dira.
Agentziak | Erredakzioa
Malaysiako Gobernuak jakitera eman duenez, ikerketa talde bat bidali du Afrikako kostaldean (Madagaskar uhartearen aurrean) kokatuta dagoen Reunion uhartera (Frantzia), bertan topatu dituzten hondarrak 2014ko martxoan desagertu zen MH370 hegaldiari badagozkio zehazteko asmoz.
Liow Tiong Lai Garraio ministroak New Yorketik eman du aipatutako ikerketa-taldearen bidaiaren berri, Nazio Batuetan bisitaldia egiten baitago.
"Egiaztatu behar diren hondarrak ditugu, MH370 hegaldiarenak diren ala ez baieztatu aurretik. Horrenbestez, gai hori ikertzeko asmoz lantalde bat bidali dugu, eta ahalik eta azkarren identifikatu ahal izatea espero dugu", adierazi du ohar baten bidez.
Bere aldetik CNN telebista-kateak "ikerketatik gertu dagoen iturri bat" aipatu du, eta iturri horren arabera, idoro dituzten hondarrak Boeing 777 batenak izango lirateke. Modelo hori bat dator Kuala Lumpur eta Beijing arteko ibilbidea egiten ari zela desagertu zen Malaysia Airlines hegazkin-konpainiako hegazkinarenaren modeloarekin.
Malaysia Airlinesen Boeing 777 hegazkina 2014ko martxoaren desagertu zen "nahita egindako ekintza" baten eraginez ibilbidez aldatu eta gero. Adituen esanetan, Kuala Lumpurretik atera eta berrogei minutura gertatu zen guztia. Aurretik norbaitek komunikazio-sistemak itzali zituen.
Hegazkinaren barruan 239 bidaiari zihoazen: 153 txinatar, 50 malaisiar (horietako hamabi tripulazio kideak ziren), sei australiar, bost indiar, lau frantziar, hiru estatubatuar, neozeelandar bi, ukrainar bi, kanadar bi, irandar bi, errusiar bat, holandar bat eta taiwandar bat.