Mundua -
Ezkontza batean
Gutxienez 22 hildako Afganistanen, talde armatuen arteko tiroketan
Hildako gehienak talde armatuetako kideak dira, baina badaude tokiko egoiliarrak ere, tartean zenbait ume.
Agentziak | Erredakzioa
The Afghanistan Times egunkariak jakitera eman duenez, gutxienez 22 pertsona hil ziren atzo, eta beste hamahiru zauritu, horietako batzuk haurrak, talde armatuen artean izandako tiroketa batean. Tiroketa ezkontza bateko bazkari-garaian jazo zen Sheshan herrian, Afaganistan iparraldeko Baghlan probintzian, hain zuzen ere.
Aipatutako tiro-jasa igande gauez gertatu zen, ezkontza bat ospatzen ari zirenean. Bazkalorduan, bi talde armatuen arteko kideak eztabaidatzen hasi eta ondoren garrasika jarraitu zuten, Baghlaneko polizia-buruak (Jabar Pardaly) egunkariari egindako adierazpenen arabera.
Poliziako beste arduradun batek esan du hildako gehienak talde armatuetako kideak direla, baina badaudela tartean tiroketaren ondorioz hil diren tokiko egoiliarrak ere, zenbait ume, besteak beste.
Zauriak jaso zituztenak zenbait ospitaletara eraman zituzten, eta uste da ez dutela hiltzeko arriskurik. Familiartekoek dagoeneko jaso dituzte hildakoen gorputzak. Talde armatu gehienek armak izatea justifikatzen dute talibanen erasoen aurrean defendatzeko neurri gisa.