Mundua -
Siria
Hiru kazetari espainiar desagertu dira Siriako Alepo hirian
Angel Sastre, Antonio Pampliega eta Jose Manuel Lopez dira desagertuak, 'freelance' moduan ari zirenak, eta duela 9 egunetik ez dute haien berririk.
agentziak | erredakzioa
Hiru kazetari espainiarrek 9 egun daramatzate desagertuta Siriako Alepo hirian. Angel Sastre, Antonio Pampliega eta Jose Manuel Lopez (Berria egunkariaren kolaboratzaileak dira azken biak) berriemaileak dira desagertuak, Europa Press-ek iturri diplomatikoak aipatuta jakitera eman duenez. Hasiera batean kazetariak bahituta zeudela zabaldu dute albiste-agentziek.
Hiru desagertuek 'freelance' gisa egiten dute lan, eta uztailaren 10ean iritsi ziren Alepora, Turkiatik. Uztailaren 12tik aurrera, berriz, ez dago haien berririk, eta ez dakite non dauden.
Espainiako Atzerri Ministerioak esan du adi ari dela jarraitzen gertatzen ari dena, baina Jose Manuel Garcia-Margallo buru duen Ministerioak ez du xehetasunik eman nahi izan.
“Pazientzia”, “errespetua” eta “zuhurtzia” eskatu dituzte senitartekoek
Egoeraren aurrean “pazientzia” eta, “batez ere”, “errespetua” eskatu dute hiru kazetarien familiek agiri batean. Publikoki adierazpenik egingo ez dutela aurreratu dute. Era berean, “zuhurtzia” eskatu dute, “une honetan oso beharrezkoa delako”.
Sastre, Pampliega eta Lopez azkenekoz furgoneta zuri baten barruan ikusi zituztela adierazi du gaur Rami Abderrahman Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren zuzendariak. Itzultzailearekin batera, Alepoko alde zaharrean, Al Maadiko zonaldean ikusi zituzten, uztailaren 11n.
Abderrahmanen hitzetan, kazetarien ibilgailua talde armatu batek atzeman zuen, desagertu baino lehen. Talde armatuko kideek jantzi afganiarrak zeramatzaten.
Antonio Pampliega. Argazkia: EFE
Antonio Pampliega hainbat komunikabideren kolaboratzaile da eta, besteak beste, 'Un mundo en guerra' blogaren egilea. Bertan dio 2008tik gatazka armatuak jarraitzen espezializatu dela.
Angel Sastre. Argazkia: EFE
Angel Sastrek ere komunikabide askorekin lan egiten du, eta Amerika Latinoko eta Ekialde Hurbileko gatazketan ibili izan da. Twitterreko kontu pertsonalean azaltzen duenez, "bihotza zatitua" du Amerika Latinoaren eta Ekialde Hurbilaren artean.
Jose Manuel Lopez. Argazkia: EFE
Azkenik, Jose Manuel Lopez argazki-kazetari ezaguna da, nazioartean hainbat sari eman baitizkiote gune gatazkatsuetan ateratako argazkiengatik.