Mundua -
54 urteren ostean
AEBk eta Kubak gaur irekiko dituzte enbaxadak, harremanak bultzatuta
Barack Obama presidente estatubatuarrak eta Raul Castro Kubako presidenteak bien arteko harremanak bideratuko dituztela iragarri eta zazpi hilabetera, aurrerapauso handia egingo dute.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuek eta Kubak harreman diplomatikoak berrabiaraziko dituzte astelehenean, euren enbaxadak berriz zabalduko baitituzte, mende erdi baino gehiagoan arerioak izan eta gero. Egun historikoa Bruno Rodriguez Kubako kantzilerrak Washingtonen John Kerryrekin egitekoa duen bilerak ekarriko du.
Barack Obama presidente estatubatuarrak eta Raul Castro Kubako presidenteak bien arteko harremanak bideratuko dituztela iragarri -mundu osoa zur eta lur utzita- eta zazpi hilabetera, aurrerapauso handia egingo dute, enbaxadak irekita eta harreman diplomatikoak berrabiarazita, 1961etik lehen aldiz.
Rodriguez Kubako enbaxadaren irekiera ekitaldian izango da; eraikina 1917koa da eta Etxe Zuritik hiru bat kilometrora dago. Egun, Kubako Interesen Washingtongo Sailaren (1977an bi herrialdeek adostutako maila baxuko ordezkaritza diplomatikoa) egoitza da.
Bisita hori 1959etik Kubako Kanpo Arazoetarako ministro batek Washingtonen egiten duen aurreneko bisita izango da, Kubako Gobernuaren arabera.
Rodriguezek gidatutako ordezkaritza 30 lagunek osatzen dute, tartean, diplomatiko ohiak eta kulturako, hezkuntzako, osasuneko, zientziako, masa organizazioen eta Kubako Elizen Batzordeko ordezkariak izango dira; besteak beste, Silvio Rodriguez kantautorea eta Eusebio Leal historiagilea.
Gainera, Kubako enbaxada berriak 500 bat estatubatuar gonbidatu ditu, besteak beste, AEBko Gobernuko legegileak eta ordezkariak, esaterako, Roberta Jacobson Estatu idazkaria Latinoamerikan.
Ekitaldia Rodriguezek gidatuko du eta, bertan, bandera kubatarra altxatuko dute, eraikinaren aurrean, plaka bat jarriko dute (bertanKubako enbaxada gisa identifikatuko du) eta ministroak hitzaldi txikia egingo du.
Washingtonen Kubak irekiko duen enbaxadaren inaugurazioa handikiro ospatuko badute ere, AEBk La Habanan zabalduko duen enbaxadak, aldiz, jai handitik egin gabe aldatuko du estatusa, Estatu Departamentuak iragarri duenez.
Izan ere, AEBk Kerry La Habanara joan arte atzeratuko du ekitaldia, eta oraindik ez dago zehaztuta noiz izango den, baina, edonola ere, Estatu idazkari estatubatuar batek 1945tik Kubara egiten duen lehen bisita izango da.
"Ez da AEBko banderarik izango La Habanako enbaxada estatubatuarrean Estatu idazkariak ekitaldira joan arte. Legeak ez du ezartzen bandera altxatu behar denik" irekiera ekitaldiko egunean, esan zuen AEBko Gobernuko ordezkari batek ostiralean, baina izenik ez zabaltzea eskatu zuen.
Halere, bihartik aurrera, Interesen Sekzioa izan den eraikinak enbaxadaren lanak hartuko ditu, eta horrek maila igoera ekarriko die bertan lan egiten dutenei, Estatu Departamentuaren esanetan.