Mundua -
Greziako krisia
Alemaniako Parlamentua, Greziaren hirugarren erreskatearen alde
Erreskaterako Europako Funtsak eta Euroguneko herrialdeek Atenasi hiru urterako hirugarren erreskatea emateko negoziazioak abiatzea adostu dute gaur.
Agentziak | Erredakzioa
Bundestagak (Alemaniako behe-ganbera) Greziako hirugarren erreskatea negoziatzen hasteari baiezkoa eman dio ostiral honetan gehiengo handi baten babesarekin. Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak Europak aurrera jarraitzeko eta Grezia "kaosean eta indarkerian" ez hondoratzeko alternatiba bakar bezala aurkeztu du Greziaren erreskatea.
Hiru orduko eztabaidaren ondoren, 439 diputatuk negoziazioak hastearen aldeko botoa eman dute, 119 diputatuk kontran bozkatu dute. Kontrako botoak Ezkerreko Alderditik eta Merkelen alderdi kontserbadoretik etorri dira. Bozketan, 40 diputatu abstenitu egin dira.
Alemaniako kantzillerrak 61 urte bete ditu ostiral honetan eta eztabaida hasi denean Greziarentzat hiru aukera besterik ez zeudela adierazi du, eta lortutako akordio "latza" zela irtenbide bakarra. Bere gobernuak Atenasen egoera hobetzeko Europako Batzordearen ituna ez zuela inoiz urratuko eta ez zuela Grezia erortzen utziko nabarmendu zuen kantzillerrak. Merkelen ustez, adostutako akordioa "oso gogorra izango da greziarrentzat".
"Ez dugu Greziaren erreskateari buruz soilik hitz egin. Europa eta Eurogune indarstu bat osatzeaz hitz egin dugu". Alemaniako kantzillerrak Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa gogor kritikatu du, eta Grezia bizitzen ari den egoera ekonomikoaren arduraduna dela gaineratu du.
Merkelek bere Finantza ministroa den Wolfgang Schäubleren lana goraipatu nahi izan du ostiral honetako eztabaidan. Bundestagak Greziaren hirugarren erreskatea negoziatzearen alde bozkatu duen arren, kontrako 119 boto kontrakoak izan dira. Kontrako 48 boto Merkelen alderditik etorri dira. Berdeen artean aldeko botoak eta abstentzioak egon dira, eta Ezkerreko Alderdiak kontrako botoaren alde egin du Atenasi ezarritako neurri gogorrak kontuan hartuta.
Eurogunearen argi berdea erreskateari
Erreskaterako Europako Funtsak eta Euroguneko herrialdeek Atenasi hiru urterako hirugarren erreskatea emateko negoziazioak abiatzea adostu dute gaur, 28ek Atenasi, Europako Banku Zentralari eta Nazioarteko Diru Funtsari ordain diezaion, 7.160 milioi euroko premiazko laguntza ematea onartu duten egun berean.
Erreskaterako Europako Funtsaren kontseiluak "erabaki du, printzipioz, Greziari babes egonkorra ematea laguntza programa baten bitartez", dio komunikatuak. Horrekin troikak erreskaterako baldintzak eta erreforma makroekonomikoak negoziatzen hasteko "bidera irekiko" duela azaldu du erakundeak.
Jeroen Dijsselbloem Eurotaldearen presidenteak espero du azken egunotan lortutako akordioekin "pixkanaka" konfiantza berreskuratzea agintari greziarrekin eta euroguneko kideekin. "Ez da erraza izango, ziur gaude arazoak izango ditugula datozen urteetan, baina irtenbidea bilatzeko gai izango garela pentsatzen dut", adierazi du.