Mundua -
NARKOTRAFIKOA
'Chapo' Guzmanen ihesaldi aurreko uneak ikus daitezke bideo batean
Mexikoko Segurtasuneko Batzorde Nazionalak hiru bideo plazaratu zituen guztira. Horietako batean, presoak ihes egin aurreko momentuak azaltzen dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joaquín Guzmán Loera, 'Chapo', narkoa segurtasun goreneko Altiplano I presondegitik ihes egin aurreko uneak erakusten dituen bideo bat ezagutarazi zuen atzo Mexikoko Gobernuak. Agintariek azaldu zutenez, une oro "jarrera normala" azaldu zuen.
Monte Alejandro Rubidok, Mexikoko Segurtasuneko Batzorde Nazionalaren buruak, agertu zuen bideoa prentsaren aurrean. Bertan, 'Chapo' Guzman ikus daiteke ziega barruan batetik bestera ibiltzen, ohe gainean eseri eta oinetakoz aldatzen, eta dutxaren gunean makurtzen. Gune hori horma batek estaltzen du. Rubidok baieztatu zuenez, dutxa eta komuna dauden tokian "bi puntu itsu daude", pribatutasuna gordetzeko asmoz.
Azkenik, presoa, Sinaloako kartelaren burua, dutxa dagoen eremura hurbildu eta hormaren atzean berriro makurtzen dela ikus daiteke ; handik aurrera ez da berriz azaltzen.
"Ihesaldirako erabili zen tunela dutxaren atzean amaitzen da, eta, horren ondorioz, ezinezkoa izan zen presoaren aparteko ekintzarik antzematea ihes egin aurreko uneetan", azaldu zuen Rubidok.
Beste bi bideo ere aurkeztu zituen funtzionarioak: batean, zelda ikus daiteke ihesaldiaren unean bertan; bestean, alde egiteko erabili zuen kilometro eta erdiko tunela ikus daiteke. Tunel hori oraindik guztiz eraiki gabe dagoen etxe batean bukatzen da, espetxeko eremutik kanpo.
Halaber, presoak ihes egin ostean gauzatu ziren ekintzen berri ere eman zuen: besteak beste, indar federalen 700 kide autobideetako ordainguneetan kokatu ziren ihesbide horiek zaintzeko.
Horrez gain, gaineratu zuen Mexiko estatuko segurtasun-indar guztiak era koordinatuan lan egiten ari direla Guzmán Loera ahalik eta lasterren berriz preso hartzeko.