Mundua -

Ekoizpen nuklearra

Irango programa nuklearrari buruzko akordioaren gakoak

25 urtera arteko Iranen programa nuklearra nabarmen mugatzen du itunak. Trukean nazioarteko zigorrak kenduko dizkiote Teherani.

Hasan Rohani Irango presidentea. Argazkia: EFE
Hasan Rohani Irango presidentea. Argazkia: EFE
Hasan Rohani Irango presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Akordio historikoa adostu dute gaur Iranek eta munduko sei potentzia handiek. Horrela, programa nuklearraren inguruan izan duten 13 urteko tirabirari amaiera eman diote.

25 urtera arteko programa nuklearra nabarmen mugatzen du itunak. Trukean nazioarteko zigorrak kenduko dizkiote Teherani. Akordioak 100 orrialde baino gehiago ditu eta NBEko Segurtasun Kontseiluaren babesa jaso ondoren indarrean sartuko da.

Akordioaren funtsezko puntuak:

URANIOA ABERASTEKO MUGAK

- Datozen 15 urteetan uranioa % 3,67ren gainetik ez aberasteko konpromisoa hartu du Iranek.

- Zentrifugagailuen kopurua bi heren murrizteko konpromisoa hartu du Iranek. 19.000 zentrifugagailu izatetik 6.104 izatera pasako da, horietatik 5.060k bakarrik uranioa aberastuko dute datozen 10 urteetan. Era berean, datozen 15 urteetan uranio erreserbak murriztuko ditu Teheranek, 12.000 kilo izatetik 300 kilo izatera pasako da. Bestalde, uranioa aberasteko instalazio berririk ez du eraikiko denbora tarte horretan.

- Fordoko lantegia aldatuko du Iranek, datozen 15 urteetan uraniorik ez aberasteko bertan. Natanzgo lantegian soilik uranioa aberasteko aukera izango du erregimenak.

ARMEN BLOKEOA

- Beste bost urtez armak esportatzeko eta inportatzeko debekua izango du Iranek. Bien bitartean, misil balistikoen programarako osagaien blokeoa beste zortzi urtez luzatuko da.

ZIGORRAK ARINTZEA

- Konpromisoak betetzen baldin baditu, nazioarteko zigorrak arinduko dizkiote Teherani, Irango ekonomia zigortzen ari baitira.

GARDENTASUN NEURRIAK

- Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Irango instalazio nuklear guztietan sartzeko baimena izango du.

- Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna aplikatzeko konpromisoa hartu du Teheranek. Horrela, NBEko ikuskatzaileek informazio gehiago eta askatasun handiagoa izango dute Iranen.

ARAKEKO ERREAKTOREAREN BIRMOLDAKETA

- Arakeko ikerketa erreaktorea birmoldatzea eta birdiseinatzea adostu du Iranek, arma nuklearrak hornitzeko plutoniorik ez ekoizteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea