Mundua -
Mexikoko Gobernua
4 milioi dolar, 'El Chapo' harrapatzeko informazioaren truke
Mexikoko Gobernuak espetxe administrazioko hiru funtzionario kargutik kendu ditu, 'El Chapo' narkotrafikatzailearen ihesaldiarekin lotura izan dezaketelakoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mexikoko Gobernuak espetxe administrazioko hiru funtzionario kargutik kendu ditu, 'El Chapo' narkotrafikatzailearen ihesaldiarekin lotura izan dezaketelakoan. Horrez gain, 3,8 milioi dolar eskaini ditu ‘El Chapo’ berriz atxilotzea lagunduko lukeen informazioaren truke.
“Segurtasun sistema guztiak saihestea lortu zuen, puntako teknologiaz egindako tunel bati esker. 19 metroko sakonera eta kilometro eta erdiko luzera zuen tunel horrek”, azaldu du Miguel Angel Osorio Barne ministroak.
Hala ere, ihes egin ahal izateko, espetxeko langileen laguntza izan zuela uste du Osoriok.
“Hori holan bada, ustelkeria eta traizio kasu baten aurrean egongo ginateke”, adierazi du.
Gertatutakoarekin nahasitako funtzionario edo langileak zigortu egingo dituztela gaineratu du Barne ministroak. “Ihesaldi honekin harremana izan duten guzti-guztiak zigortuko ditugu”, esan du.
Joaquin 'El Chapo' Guzman Mexikoko narkotrafikatzaileak larunbatean ihes egin zuen Altiplano I segurtasun handiko kartzelatik, Almoloyan.
Segurtasuneko guardiek hutsik topatu zuten haren gela, segurtasun kameren bidez begien bistatik alde egin eta gero.
Hasierako txostenaren arabera, ihesa 20:52an hasi zen, "Joaquin Guzman Loera 2. korridoreko 20 zenbakia duen gelako iturrira hurbildu zenean; gorputza garbitzeaz gain, euren gauzak ere garbitu ohi dituzte han".
"Ez zutenez segurtasun-kameren bidez ikusten, ziegan sartu ziren, baina hutsik zegoen; hori dela eta, alarma piztu zuten berehala", lehen ikerketen arabera.
Mexikoko segurtasun indarrek hura bilatzeko operazioa abiatu dute, inguruan eta gertuko estatuen errepideetan, eta Tolucako aireportuko (hori dago hurbilen) aire-operazioak ere bertan behera utzi dituzte.