Mundua -

Mexiko

'Chapo' Guzman narkoak ihes egin du segurtasun handiko espetxe batetik

Presoak tunel baten bidez ihes egin du, espetxetik 1,5 kilometrora dagoen etxe bateraino. Sinaloako kartelaren buruzagia da, baita Mexikoko historiako droga-trafikatzaile ezagunetakoa.

Agenteak, espetxearen inguruetan, presoaren bila: EFE
Agenteak, espetxearen inguruetan, presoaren bila: EFE
Agenteak, espetxearen inguruetan, presoaren bila: EFE

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joaquin 'El Chapo' Guzman Mexikoko narkotrafikatzaileak ihes egin du Altiplano I segurtasun handiko kartzelatik, Almoloyan, Segurtasun Batzorde Nazionalak (CNS) El Universal egunkariari adierazi dionez.

Sinaloako kartelaren buruzagia eta Mexikoko historia osoko droga-trafikatzailerik ezagunetakoak bere ziegatik alde egin du, antza denez. Segurtasuneko guardiek hutsik topatu zuten gela, segurtasun kameren bidez begi-bistatik alde egin eta gero.

Hasierako txostenaren arabera, ihesa 20:52ean hasi zen, "Joaquin Guzman Loera 2. korridoreko 20 zenbakiko gelako iturrira hurbildu zenean; gorputza garbitzeaz gain, haien gauzak ere garbitu ohi dituzte han".

"Ez zutenez segurtasun-kameretatik ikusten, ziegan sartu ziren, baina hutsik zegoen; hori dela eta, berehala alarma piztu" zuten, lehenengo ikerketa horrek diotenez.

Segurtasun indar mexikarrek abiarazi dituzte dagoeneko bilaketa operazioak, inguruan eta gertuko estatuen errepideetan, eta Tolucako aireportuko (hurbilen dagoena) aire-operazioak ere bertan behera utzi dituzte.

Chapo, iaz, atxilotu zutenean. EFE

Chapo' presoak tunel baten bidez ihes egin du, espetxetik 1,5 kilometrora dagoen etxe bateraino, agintarien arabera.

Prentsaurrekoan Monte Alejandro Rubido Segurtasun Batzorde Nazionaleko buruak esan du presoaren ziegan "50 bider 50 zentimetroko eta 1,5 metroko sakonerako zulo" bat topatu dutela, beste hodi bertikal batekin lotuta zegoena eta, bigarren hori, tunel batekin.

Tunelean, azaldu duenez, "pvc-ko hodi bat zegoen, aireztapenerako, argindarra eta errailen gainetik ibiltzeko egokitu duten motozikleta bat", eta, antza, erabili dute ihes egiteko.

Gainera, tunelean "eraikuntza tresneria, oxigeno-tangak eta erregaiak" ere aurkitu dituzte, egurra eta hodiez gain.

Tuneletik lanetan dagoen etxe bateraino heldu ahal da, espetxetik hego ekialdera, San Juanitan.

Ez da lehen aldia

'El Chapo' Guzmanek 60 urte ditu eta 2014ko otsailean sartu zuten Altiplano I espetxean, 1993ean Guatemalan atxilotu zutenetik 20 urte baino gehiagora, baina 2001ean Jaliscoko segurtasun handiko presondegitik ere ihes egin zuen.

Hainbat urtez, gaizkilerik bilatuenen zerrendaren buruan egon da Ameriketako Estatu Batuetan. Iaz, Chicagoko agintariek hiriko etsai nagusitzat hartu zuten, Al Capone gansgterraren ondorengotza hartuta.

Altxorraren Departamentuak hainbat zigor ezarri dizkio 'El Chapo'ri eta haren familiari, bereziki seme-alaben eta emazteen kontra, uste baitute haiek kudeatzen dutela trafikatzailearen inperioa.

AEBko Drogen kontrako Agentziak (DEA) bost milioi dolarerainoko saria eskaini du iheslaria topatzen laguntzen duen edozein informazioren truke.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak Drogak albisteak Mexiko