Mundua -

Hirugarren erreskatea

Greziako Parlamentuak Tsiprasen proposamena babestu du

Goizaldean amaitu da saioa Parlamentuan eta lehen ministroak 251 diputaturen babesa jaso du. 32 diputatuk aurkako botoa eman dute eta 8 abstenitu egin dira.

Lehen ministroak Parlamentuaren babesa jaso du. Argazkia: EFE
Alexis Tsipras EFE
Greziako Parlamentuak Tsiprasen proposamena onartu du

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako Parlamentuak Atenasek ostegun honetan hartzekodunei aurkeztutako azken proposamena babestu du.

Goizaldean amaitu da saioa Parlamentuan eta lehen ministroak 251 diputaturen babesa jaso du. 32 diputatuk aurkako botoa eman dute eta 8 abstenitu egin dira.

Panayotis Lafazanis Energia ministroak eta Zoe Konstandopulu Parlamentuko presidenteak aurkako botoa eman dute. Biek Syriza alderdiko joera ezkertiarrena babesten dute.

Syriza alderdiko kide gehienek, ordea, aldeko botoa eman dute. Baiezkoa bozkatu dute era berean Gobernuko kideek, Greziak Independenteak nazionalistek, Demokrazia Berria kontserbadoreek, To Potami alderdiko kideek eta Pasokeko diputatuek.

Egunsenti Urrekarako diputatuek, KKEko diputatuek eta Syrizako bi diputatuk aurka bozkatu dute.

Batasunerako deia

Bozketa baino lehen Alexis Tsipras lehen ministroa diputatuei zuzendu zaie eta batasunerako deia luzatu du. Prozesua Euklides Tsakalotos Finantza ministroak ahalik eta babes handiena lortzeko beharrezkoa zela esan du Tsiprasek.

“Gobernuko diputatuen aldeko botoa Gobernuari eta ministroari gutxieneko konfiantza erakusteko modua da”, gaineratu du.

Hitzaldian, lehen ministroak adierazi du, Gobernuak kontzesio asko egin dituela Europara bidalitako proposamenean, herrialdean euroaren baitan mantentzearen truke eta finantzaketa lortzearen truke.

“Ez dut egia ezkutatu nahi. Eurotaldeak eztabaidatuko duten akordioa gure programatik urrun dago”, azpimarratu du Tsiprasek.

“Eskatzen digutena zaila dela onartu behar dugu. Ultimatum bat baino hobea da, baina zaila”, gaineratu du. “Lehen aldiz, ‘grexit’aren inguru eztabaida desagertzeko aukera dago”, amaitu du.

"Ez ditut greziarrak saldu"

Egindako hitzaldian, lehen ministroak esan du Gobernuak behartuta hartu dituela hauteskunde-programan jasota ez zeuden neurriak.

Aurreko asteko erreferendumaren harian, Tsiprasek argitu du izan zuten emaitzek ez diotela eskubiderik eman Europarekin harremanak hausteko.

Ez ditut greziarrak saldu. Inoiz ez dut ‘Ezetza’ eskatu Europatik irteteko, baizik eta negoziatzeko gaitasuna indartzeko”, erantsi  du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Greziako albisteak