Mundua -

Kolonbia

FARCek aldebakarreko su-etena iragarri du hilabete baterako

Uztailaren 20ean jarriko da indarrean. Santosek txalotu egin du neurria, baina "konpromiso zehatzak" eskatu dizkio "negoziazioak bizkortzeko".

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek (FARC) aldebakarreko su-etena iragarri dute uztailaren 20tik aurrera, hilabete baterako.

Gerrilla kolonbiarrak Habanan eman du erabakiaren berri, bake prozesuaren sustatzaileek (Kuba eta Norvegia) gatazka baretze aldera egindako eskaerari erantzunez, Luciano Marin Arango 'Ivan Marquez' FARCen negoziatzaile buruak azaldu duenez.

"Uztailaren 20tik aurrera, hilabetez, aldebakarreko su-etena agintzeko prestutasuna iragartzen dugu. Behin betiko aldebiko su-etena lortzeko baldintzak hobetzea da neurri horren helburua", adierazi du FARCek.

Aurreko abenduaren 20an, FARCek aldebakarreko su-eten mugagabea hasi zuen, eta horrek gatazka baretzea lortu zuen.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak gerrillarien kanpalekuak ez bonbardatzeko agindua eman zuen martxoan, baina ez gerrillaren kontrako ekintzak. Hala ere, apirilaren 15ean bertan behera geratu zen kanpalekuen kontrako bonbardaketen etenaldia, FARCek Armadaren kontra egindako eraso bat medio.

Gerrillak, berriz, maiatzaren 22an utzi zuen bertan behera su-etena, Armadak 27 gerrillari hil ostean. Horrek, gordindu egin zuen gatazka.

Santosek "konpromiso zehatzak" eskatu ditu

Santosek txalotu egin du neurria, baina "konpromiso zehatzak" eskatu dizkio "negoziazioak bizkortzeko".

"Begi onez jotzen dugu FARCen aldebakarreko su-etena, baina gehiago behar dugu, konpromiso zehatzak bereziki, negoziazioak bizkortzeko", adierazi du Santosek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea