Mundua -
Lanzaroten
Bi atxilotu jihadismoarekin lotuta Lanzaroten eta Bartzelonan
Poliziak ohar bidez jakitera eman duenez, Lanzaroten atxilotutako emakumeak EIren kontrolpean dauden guneetara bidaiatzeko laguntza ematen zien neskatilei eta nerabeei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Poliziak emakumezko bat atxilotu du Arrecifen, Lanzaroten, neskatilak eta nerabeak Estatu Islamikoarentzat erreklutatzea egotzita.
Poliziak ohar batean jakitera eman duenez, emakumeak Estatu Islamikoaren kontrolpean dauden guneetara bidaiatzeko laguntza ematen zien.
Atxilotua espainiarra da, eta, Barne Ministerioaren arabera, Siriako Estatu Islamikoaren kideekin harreman zuzena zuen.
Gaurko atxiloketarekin 40 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte aurten Estatu Islamikoarekin elkarlanean aritzea leporatuta. Gehienei gazteak Estatu Islamikoarentzat erreklutatzea egotzi diete.
Atxilotu bat Bartzelonan
Guardia Zibilak gizonezko bat atxilotu du Bartzelonako aireportuan jihadismoarekin lotuta, Belgikak hala eskatuta, Europa Pressek Guardia Zibileko iturriak aipatuta jakitera eman duenez.
Eguerdian izan da atxiloketa, eta gizonezkoa Aljeriatik iritsi berria eta Hanburgora joateko asmoarekin zegoen.
Aipatu iturrien arabera, Belgikak hura atxilotzeko agindua eman zuen ADESHeko kide izan zitekeelakoan.