Mundua -
Izendapena
Tsakalotos, Greziako Finantza ministro berria
Herbehereetan jaio zen, 1960an, eta atzerrian ibilbidea egin du, hainbat gobernukidek bezala.
Agentziak | erredakzioa
Euklides Tsakalotos, gaur arte Greziako ministro izan dena, izango da aurrerantzean Finantza ministro, Yanis Varufakisen ordez.
Tsakalotos izan da Bruselarekin izan dituzten negoziazioen arduradun apiriletik, Alexis Tsipras lehen ministroak Varufakisi ardura hori kendu zionetik.
Finantza ministro berria 2004tik da Syrizaren batzorde nagusiko kide, eta beti egokitu izan zaizkio lan zailenak.
Hala, Tsiprasek EBko kideekin negoziatzeko ardura eman zion apirilean, eta lan hori are gehiago zailduko da ekainaren 25ean negoziazioa eten eta igandean Greziako herritarrek hartzekodunen baldintzei ezezko biribila eman ondoren.
Finantza ministro berriak harreman ona du Yanis Sturnaras Greziako Bankuko gobernadorearekin; izan ere, Britainia Handian ikasketak egin zituzten garaitik ezagutzen dute elkar.
Iraganean hainbat artikulu zientifiko idatzi dituzte elkarrekin, baina ez datoz bat hainbat kontutan.
Herbehereetan jaio zen, 1960an, eta atzerrian ibilbidea egin du, hainbat gobernukidek bezala.
Britainia Handian hazi zen, Oxford eta Sussex unibertsitateetan egin zituen Zientzia Politiko eta Enpresa ikasketak, eta lau urtez irakasle izan zen Kenteko Unibertsitatean.
Tsakalotos 1993an iritsi zen Greziara, eta, Varufakisen antzera, hainbat liburu eman ditu argitara.