Mundua -

Greziako erreferenduma

Irtenbidea adosteko 'fronte nazional sendoa' eskatu du Tsiprasek

Igandeko erreferendumak "argi utzi du demokraziari ezin zaiola xantaiarik egin", Greziako lehen ministroaren arabera, eta astelehenetik aurrera negoziazioei berriro ekingo dietela iragarri du.

Tsipras, Greziako lehen ministroa. Argazkia: EFE
Tsipras, Greziako lehen ministroa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak adierazi duenez, igandeko galdeketak "ez du ez garailerik ez garaiturik, garaipen bat da bere osotasunean"; izan ere, galdeketak "argi utzi du demokraziari ezin zaiola xantairik egin".

"Guztioi eskerrak eman nahi dizkizuet, bozkatu duzuena alde batera utzita. Orain kohesio soziala berreskuratu behar dugu", esan du lehen ministroak telebista bidez eskainitako agerraldian.

Bestalde, Tsiprasek iragarri duenez, "bihar berriro ekingo diogu negoziazioari". "Banku-sistemaren funtzionamendua da gure lehentasuna", azaldu du, baina zorra berregituratzea ere negoziatuko dutela gaineratu du, "Nazioarteko Diru Funtsak ere horren beharra aitortu baitu".

Halaber, batasun nazionalerako deia egin du Tsiprasek, eta, hori dela eta, alderdi politiko nagusiak deitu ditu astelehen honetan izango den bilera batera.

Bankuen likidezia faltari dagokionez, "krisiaren dimentsio humanitarioaren jabe da" Europako Banku Zentrala, lehen ministroaren arabera.

"Konturatu naiz eman didazuen agintaldia ez dela apurketarako agintaldirik, konponbide jasangarri baterako agintaldia baizik", esan du Tsiprasek. "Ez daude irtenbide errazak, baina bai jasangarriak eta bidezkoak", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grezia