Mundua -
Programa nuklearra
Irani zigorrak murrizteko aurreakordioa lortu dute
Irango eta nazioarteko komunitateko ordezkariek aurreakordioa erdietsi badute ere, adostutakoa negoziazioetan parte hartzen ari den Atzerri ministroei aurkeztu behar diete orain.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Irango eta nazioarteko komunitateko negoziatzaileek aurreakordio bat lortu dute errepublika islamikoari zigorrak murrizteko, CNN telebista kate estatubatuarrak berri eman duenez. Iranen programa nuklearrari buruzko negoziazioak egiten ari dira egunotan Vienan eta bertatik etorri da albistea.
Negoziazioak gertutik jarraitzen ari diren iturriek berri eman dutenez, oraindik ere lan asko dago egiteke eta akordio hori negoziazioetan parte hartzen ari diren herrialdeetako Atzerri ministroei aurkeztu behar zaie oraindik. Hori dela eta, akordioa urrun dagoela aurreikusi dute.
Negoziazioetan aurrerapausoak ematen ari direnaren seinaletzat jotzen dute aurreakordioa adituek; izan ere, geldotasuna izaten ari da negoziazio horietako ezaugarri nagusia.
John Kerry AEBko estatu idazkariarekin egindako bilera batean administrazioko goi kargu batek adierazi du "adituen alorrean hainbat gai konponduta badaude ere, hainbat auzi irekita daude eta ministroek soilik jorratu ahal izango dituzte".