Mundua -

Igandean

Greziak zatituta eta emaitza argirik gabe egingo dio aurre galdeketari

Inkesten arabera, emaitzak oso parekatuta egongo dira; ezezkoaren aldekoek troikaren baldintzen aurka egitea eskatu dute eta baiezkoaren aldekoek EBn jarraitzeko aukera bakartzat jotzen dute.

Grezia, erreferendumerako prest

1:26

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Grezia prest dago igandean egitekoa den erreferendumerako, zatiketak eta corralitoaren presioak baldintzatutako kanpaina bukatu ostean.

Izan ere, kanpaina atzo itxi zuten, baiezkoaren eta ezezkoaren aldekoek egindako bi elkarretaratze jendetsurekin. Gainera, nahiz eta galdeketan zordunen baldintzak onartuko dituzten galdetuko duten, sentsazioa da Europan etorkizunik izatea jokoan dagoela.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak, Syntagma plazan, "ultimatumei" eta "beldurrari" ezetz esatea eskatu zien hiritarrei, "duintasun" mezu bat helarazteko. Handik hainbat kaletara, Atenaseko estadio zaharrean, Yorgos Kaminis alkate independenteak baiezkoaren aldeko kanpaina egin zuen.

"Bozkatzera behartzen gaituzte, pentsatzeko denborarik izan gabe, eztabaidatu gabe, inork ulertzen ez duen galdera batekin", esan zuen Kaminisek, Europako banderak astintzen zituzten milaka pertsonaren txalo artean.

Erreferendumak Greziako gizartea banandu du, eta aurreko asteartean amaitutzat jo zuten proposamen baten inguruko galdera bati aurre egin beharko dio.

Syriza Gobernuan agintzen duen alderdiaren kanpainak ezezkoaren aldeko apustua azpimarratu du, Grezia indartuko duelakoan, hurrengo negoziazioei begira.

Baiezkoaren aldeko kanpaina Greziako oposizioko alderdiek eta Europako gehiengoak babestuta dago eta herritarrek "probokaziotzat" jo dute jarrera. Gainera, eurogunean jarraitzeko aukera bakartzat aurkeztu dute.

Tsiprasek behin eta berriro esan du Gobernuak akordioa lortuko duela datorren asteartean, galdeketaren emaitza gorabehera, eta berretsi egin du ez duela zalantzan jartzen Greziak euroan jarraitzea "faktua" da.

Yanis Varoufakis Finantza ministroak esan zuen Gobernua hainbat neurri aztertzen ari dela, eurogunetik ateratzea ekiditeko, baldin eta proposatzen badute.

Bi jarrerak ikusita, KKE alderdi komunistak Greziaren eta Europaren arteko akordioaren kontra egin eta boto baliogabea ematea eskatu du, zordunen proposamena ukatzen duen botoaren bidez, alderdiak berak egindakoa, baina baita ere Tsipras onartzeko prest dagoen -bere ustean- hirugarren erreskatearen aurka bozkatzea eskatu du.

Ezezkoak, bestalde, kontrako bi alderdi ados jartzea lortu du, alegia, Parlamentutik kanpoko ezkerra eta Urrezko Egunsentia ultraeskuindarra.

Atzo bertan publikatutako azken hiru inkesten arabera, baiezkoak eta ezezkoak emaitza berdintsuak lortuko dute, hamarren gutxiko ezberdintasunarekin eta, inkestotan argitaratu zutenez, 10 hiritarretik bat zalantzan dago.

Guztira, 10.837.118 greziar deituta daude bozkatzera eta, emaitza balekoa izan dadin, arauek ezinbestekotzat dute hautesleriaren % 40 inguruko parte-hartzea izatea.

Gainera, hiritar asko euren jaioterrietan erroldatuta daude, baina hirietan bizi dira, hortaz, bidaiatu beharko dira, ezin baitute bozkatu erroldatuta ez dauden herrian.

Bankuak itxita eta corralitoa ezarrita egonda egiten den munduko lehenengo erreferenduma izanda, Nadia Valavani Finantza ministrordearen arabera, bidaiatzeko aurrekontuak buruhausteak ekar litzake.

Hori dela eta, Gobernuak hainbat neurri hartu ditu, esaterako, prezio bereziak eskaintzea, bai trenetan, baita itsasoko garraiobideetan ere. Gainera, metro, autobus eta tranbia bidez egindako joan-etorriak doakoak izango dira aste honetan Atenasen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia EB Europa bideoak Greziako albisteak