Mundua -

Kolpea Afrikako iparraldean

Tunisiako Gobernuak salafisten esku dauden ehun bat meskita itxi ditu

"Talde jihadistak sortu eta finantzatzen" dituzten tenpluen kontrola bereganatzeko helburuarekin hartu dute erabakia. Biktima gehienak oporretan zeuden britainiarrak ziren.

Segurtasun neurriak nagusi Tunisian

1:14

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salafisten esku dauden ehun bat meskita ixtea erabaki du Tunisiako Gobernuak, Susako hondartza batean, Tunisian, ostiralean izandako atentatuaren ostean.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan Habib Essid Tunisiako lehen ministroak onartu duenez, indarkeria sustatzen duten eta, zantzuen arabera, talde jihadistak sortu eta finantzatzen dituzten tenpluen kontrola bereganatzea da erabakiaren helburua.

Ordu batzuk lehenago, Bey Caid Essebsi presidenteak ohartarazi zuen Estatuak aurrekaririk gabeko neurriak hartuko zituela, hau da, Bardo Museoaren kontrako atentatuaren ostean hartu nahi izan ez zituztenak eta herrialdea "bandera bakar baten menpe" jarriko dutenak.

Meskitak ixteko erabakiak (presidenteak egindako adierazpenen bidez aurreratu zuen) Tunesek askatasunean egindako lehen murrizketa ekarri du, Zine el Abedin Ben Ali diktadorearen kontra egin zutenetik.

Tiranoa kaleratuta, trantsizioan hainbat eskubide, banakakoak zein kolektiboak, berreskuratu zituzten, besteak beste, erlijioen askatasuna, eta talde salafista batzuek aprobetxatu egin zuten meskiten kontrola eskuratzeko.

Horrekin batera, Ben Aliren diktadurapean kartzelatuta zeuden dozenaka erradikal aske utzi zituzten, horietako asko Siria eta Irakera joan ziren, EIarekin elkarrekin borroka egiteko.

"Datu ofizialen arabera, 3.000 inguru dira; horrek suposatzen du Tunisia dela EIaren kide gehiago esportatu dituen herrialdea. Baina datu zaharrak dira, uste dugu 5.000 baino gehiago direla", azaldu dio Hedi Yahmed idazleak Eferi. "Horiek lehen belaunaldiarekin abiatu ziren. Ondoren, asko itzuli ziren eta Ben Alik kartzelatu zituen, eta barruan zeudela beste asko konbentzitu zituzten", gaineratu du.

Yahmeden arabera, hirugarren belaunaldia "iraultzaren jihadistek, amnistiaren bidez askatu zituztenek", osatzen dute.

Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatu lazgarria, Twitterren duen kontuaren bidez, Reutersek zabaldu duenez. Erasoan 39 pertsona hil eta 30etik gora zauritu zituzten.

Atentatuaren helburua Imperial Marhaba hotela izan zen, Riu Espainiako enpresakoa. Atzo, eguerdian, gizon bat txalupa batean heldu zen hondartzara, itzalkin batean ezkutatua 'Kalashnikov' arma bat zuela, eta bertan zeuden turisten kontra tiro egin zuen.

Erasoaldian atzerriko turistak hil dira -britainiarrak, alemaniarrak, irlandarrak eta belgikarrak- eta aurreko martxoan, 20 hildako eragin zituen Tunisiako Bardo Museoaren kontra egindako atentatua jasan zuen herrialdea kolpatu du.

Turisten ihesaldia

2.500 turista inguruk alde egin dute Tunisiatik azken orduotan, atentatuaren ondorioz, turismo sektoretik Eferi jakinarazi diotenez.

Horiek guztiak hiriburutik eta inguruko aireportuetatik abiatu dira; aire-konpainien hainbat charterrek nolabaiteko nahasmena sortu dute lurrartu ostean.

Horren ildotik, Efe Turismo Ministerioarekin harremanetan jarri da, baina ez dute kopuru horiek baieztatu, ezta ukatu ere, sarraskiaren benetako eragina baloratzen ari direla argudiatuta.

Gehienak, britainiarrak

Tobias Ellwood Erresuma Batuko Atzerri gaietarako Estatu idazkariak baieztatu du, gutxienez, 15 direla ostiraleko Tunisiako atentatuan hildako herrikideak. Dena den, ohartarazi du biktima gehiago egon daitezkeela.

Bestalde, Downing Street kaleko 10 zenbakian, egoitza ofizialean, egindako adierazpenetan David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi du Gobernua lanean ari dela biktimak lagundu eta hildako britainiarren kopurua zehazteko. Era berean, terrorismoaren mehatxuaren aurrean tinko jarraituko dutela nabarmendu du.

Gobernuburu britainiarraren esanetan, biktimak "turista errugabeak" ziren, oporretan zeudenak, eta "ez ziren mehatxu", baina "bakea eta demokrazia defendatzen duten herrialdeen" kontra egiten duten terroristek hil dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Atentatuak bideoak Estatu islamiarra berriak