Mundua -
Milizia islamistaren erasoa
Al Shababek dozenaka soldadu hil ditu Somaliako hegoaldean
Erasoa agiri batean aldarrikatu du Al Shababek. Gutxienez Afrikako Batasunaren Misioko 50 soldadu burundiar hil dituela ziurtatu du milizia islamistak.
Agentziak | Erredakzioa
Burundiko dozenaka soldadu hil ditu gaur Al Shabab milizia islamistak Legon (Somaliako hegoaldea). Afrikako Batasunaren Misioko (AMISOM) base bati eraso egin dio Al Shababek.
Lego Muqdisho hiriburutik 130 kilometrora dago. Dozenaka soldaduren gorpuak ikusi dituztela baieztatu dute herriko bizilagunek. AMISOMek informazioa berretsi du, baina ez du biktimen kopuru zehatzik eman.
Erasoa agiri batean aldarrikatu du Al Shababek. Gutxienez 50 soldadu hil dituela ziurtatu du milizia islamistak, Shabelle bertako albiste atariak jakitera eman duenez.
Terrorista suizidak
Terroristek basean sartzea lortu dute goizean. Baseko ateetan bonba-autoak zartarazi dituzte eta terrorista suizidak immolatu dira, lekukoek azaldu dutenez.
Erasotzaileek ibilgailu militarrak erre dituzte. Gainera, Afrikako Batasunaren munizioa eta armak bereganatu dituzte. Euren bandera ere basean jarri dute, lekukoek Shabelleri esan diotenez.
Al Shababen agiriaren arabera, AMISOMeko tropen aurkako borrokan orduak eman dituzte terroristek base barruan. Burundiko Armadaren soldaduak bizi ziren bertan.
Bestalde, lehergailu batek Somaliako Armadaren komandante bat hil du gaur Jubalanden. Antza denez, komandantea Al Shababen aurkako operazio batean parte hartzen ari zen, Shabellek jakinarazi duenez.