Mundua -

Estatu Batuak

Dinastia ez da amaitu: Jeb Bushek Etxe Zurirako bidea abiatu du

Floridako gobernadore ohiak hautagaitza aurkeztu du Alderdi Errepublikanoaren presidentegaia izateko. George H. W. Bush presidente ohiaren semea eta George W. Bush presidente ohiaren anaia da.

Jeb Bush Floridako gobernadore ohia. EFE
Jeb Bush Floridako gobernadore ohia. EFE
Jeb Bush: 'Estatu Batuetako presidente izateko hautagaia naiz'

01:04

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jeb Bush Floridako gobernadore ohiak AEBko Presidentetzarako hauteskundeetan hautagaia izateko lehiatuko dela iragarri du, eta "nazio handi honen buruzagia" izateko "prest" dagoela adierazi du.

2016ko hauteskundeei begira, Alderdi Errepublikanoaren presidentegaia izateko hautagaitza aurkeztuko duela baieztatu du.

"Etorkizunera begiratzen dudanean, mende onenaren atarian dagoen nazio handi bat ikusten dut, eta ni prest nago horren burua izateko", esan du Bushek, Miami Dade College (MDC) unibertsitate publikoan 3.000 jarraitzaileren aurrean eskainitako hitzaldian.

George H. W. Bush presidente ohiaren semea eta George W. Bush presidente ohiaren anaia da Floridako gobernadore ohia, hots, AEBren historiako dinastia boteretsuenetako baten ondorengoa. Horregatik, faboritoetako bat da.

Zortzi urte politikaren mundutik kanpo egon ostean (1999tik 2007ra izan zen gobernadore), presidente izateko erronka hartuko du orain.

Kutsu hispanoa

John Ellis "Jeb" Bush Texasen jaio zen, 1953an. Gaztelania menderatzen du, eta emaztea mexikarra du, gainera. Hori dela eta, komunitate hispanoarentzat aktibo garrantzitsua izan liteke.

Horren ildotik, Bushek migrazio sistema erreformatzea babestu du, AEBn agiririk gabe bizi diren 11 milioi etorkinen egoera erregularizatzeko. "Immigrante nazio bat gara; ezin dugu alboratu berezi egiten gaituen hori", esan du.

Bestalde, oso kritiko agertu da Obamak Kubarekin agertutako irekiera politikarekin, eta horrela Kubako Erregimena indartuko dutela salatu du.

Homosexualen arteko ezkontzari dagokionez, ezkontza "tradizionala" babestearen alde agertu izan da, baina errespetua agertu dio sexu bereko pertsonen artekoari.

Jeb Bush faboritoetako bat da Alderdi Errepublikanoaren presidentegaia izateko. Izan ere, dinastia boteretsu baten abizena dauka, eta Floridako gobernadore zela ospe handia lortu zuen. Datu bat, horren erakusle: agintaldia bukatu zuenean, % 60ko onespena zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak bideoak