Mundua -
Estatu Islamikoa
Jihadistak Hasibatik botatzeko operazioa abiatu dute Irakeko tropek
Miliziano xiitek eta soldadu sunnitek osatutako tropa irakiarrek Hasibako udalerritik bota nahi dituzte Estatu Islamikoaren jihadistak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Miliziano xiitek eta soldadu sunnitek osatutako tropa irakiarrek operazioa abiarazi dute Hasibako udalerrian, Ramadiko ekialdetik 20 kilometrora, bertatik Estatu Islamikoaren jihadistak botatzeko asmoz.
Irakeko Poliziaren iturri batek adierazi duenez, momentuz Hasibako polizia-etxearen kontrola berreskuratu dute.
Jihadistek Hasibako udalerria bereganatu zuten joan den ostegunean, Ramadiko kontrola lortu eta lau egun geroago. Ramadi Al Anbarreko probintziaren hiriburua da, eta Bagdadetik 100 kilometrora dago.
Al Anbarren izandako lehen kontraerasoa da, eta Estatu Islamikoaren soldaduen aurka egiteko miliziano xiita eta soldadu sunnita gehiago etorri dira.
Atzo Estatu Islamikoak Irakeko tropen aurka egin zuen Hasibako kanpoaldean, eta hainbat bonba-auto lehertu zituen, baina ez zuen inguruan aurrera egiten lortu.
Hasiba Al Habaniya eta Al Jaldiya zonatik gertu dago. Gobernuko indarrak eta miliziano xiitak prest daude bertan Ramadi askatzeko operazioa abiarazteko.
Bestalde, Al Jaldiyatik hurbil sei jihadista hil eta beste zortzi zauritu ziren nazioarteko koalizioak egindako bonbardaketa batean.