Mundua -

Kolonbia

FARCek bertan behera utzi du su-etena, bonbardaketa bat jasan ostean

26 gerrillari hil ditu Kolonbiako Armadak. "Ez zegoen gure asmoen artean alde bakarreko su-eten mugagabea bertan behera uztea, baina Santosen Gobernuaren inkoherentziak lortu du", salatu dute.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

FARCek bertan behera utzi du aurreko abenduaren 20an indarrean jarritako alde bakarreko su-eten mugagabea, Kolonbiako Armadak atzo bonbardaketa bat egin eta 26 gerrillari hil ostean.

"Ez zegoen gure aurreikuspenen artean alde bakarreko su-eten mugagabea bertan behera uztea, baina Santosen Gobernuaren inkoherentziak lortu du", adierazi du FARCen Idazkaritzak agiri batean.

Erakunde armatuak agiri horretan azaldu duenez, "bost hilabetez lurreko eta aireko erasoak" jasan ostean hartu dute erabakia.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak jakinarazi du 26 izan direla Guapi eskualdean hil dituzten FARCen gerrillariak.

Talde armatuak su-etena iragarri zuenean, Gobernuak erantzun zuen ez zituela haren kontrako eraso militarrak etengo, bake elkarrizketak, 2012ko azaroan Habanan hasitakoak, gatazkaren erdian egingo zituztela adostu zutelako.

Operazioaren balantzearen berri emateko agerraldian, presidenteak berretsi du Indar Armatuen erasoak ez direla etengo: "Ez dadila inor erratu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea