Mundua -
'Garai berria'
AEBk eta Kubak maiatzaren 21ean egingo dute hurrengo bilera
AEBetako Estatu Idazkaritzak iragarri duenez, "Kubako gobernuaren ordezkaritza bat" hartuko du, batzarra non izango den zehaztu ez badu ere.
Agentziak | Erredakzioa
AEB eta Kuba maiatzaren 21ean bilduko dira berriro, bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak aztertzeko eta Washington eta Habanako enbaxadak berriz zabaltzearen aukeraz hitz egiteko.
Iragarpena AEBko Estatu Idazkaritzak egin du. Ohar batean adierazi duenez, Roberta Jacobson Latinoamerikarako Estatu idazkari ondokoa eta Josefina Vidal Kubako Atzerri gaietako Ministerioak AEBerako duen zuzendari orokorra bilduko dira.
Martxoan bildu ziren azkenekoz bi herrialdeetako ordezkariak, 2014ko abenduaren 17 historiko hartatik, AEBk eta Kubak harreman diplomatikoak berrekingo zituztela iragarri zutenetik, hirugarren aldiz.
Apirilean pausua egin zuten bi herrialdeek, Barack Obamak eta Raul Castrok bilera egin baitzuten Ameriketako VII. Goi Bileran. Hilabete berean, Kuba terrorismoa bultzatzen duten herrialdeen zerrendatik kentzea erabaki zuen AEBko presidenteak.
AEBko Estatu Idazkaritzak iragarri duenez, "Kubako gobernuaren ordezkaritza bat" hartuko du, batzarra non izango den zehaztu ez badu ere.
Horrez gain, hainbat gai teknikoren inguruan batzarrak egiten ari dira bi herrialdeak. Besteak beste, bidaiarien hegaldien edo giza eskubideen gaiak izan dituzte mahai gainean.