Mundua -
Akordioa
Palestina estatu gisa aintzatetsi du Vatikanoak
“Palestinako Estatuarekin” akordio batera heldu dela iragarri du Egoitza Santuak. Aintzatespena eskertu du Palestina Askatzeko Erakundeak. Israelek, ostera, kritikatu egin du akordioa.
Agentziak | Erredakzioa
“Palestinako Estatuarekin” akordio batera heldu dela iragarri du gaur Vatikanoak. Ekialde Hurbileko bi estatuen arteko konponbidea babestu du horrela Egoitza Santuak. Akordioak Palestina “independentea” onartzeko balio dezakeela esan du Vatikanoak.
Akordioa “laster” sinatuko dute eta “Palestinako Eliza Katolikoaren bizitza eta ekintza” aintzat hartzen ditu, Egoitza Santuak agiri batean azaldu duenez. Hala ere, aldez aurretik testua buruzagiek aztertu beharko dutela zehaztu du Vatikanoak.
Era berean, Frantzisko aita santuak Mahmud Abas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea datorren larunbatean hartuko duela baieztatu dute gaur. Israelgo Estatua sortu baino lehen Palestinan jaiotako bi moja kanonizatu behar ditu Elizak. Aita Santuak kanonizazioaren bezperan hartuko du Abas.
Palestina Askatzeko Erakundearen eta Israelen erreakzio desberdinak
Vatikanoaren eta Palestinaren arteko akordioa sinatzeak dakarren aintzatespena eskertu du Palestina Askatzeko Erakundeak. Israelek, ostera, kritikatu egin du akordioa, eta bakea lortzeko bidean ez duela lagunduko gaineratu du.
“Liderren eta Palestinako herriaren izenean, pozik hartu dugu Vatikanoak Palestinako Estatua aintzat hartzea, bakea eta justizia lortzeko benetako ekarpena delako”, Hanan Ashrawi Palestina Askatzeko Erakundearen Zuzendaritza Batzordeko kideak agiri batean adierazi duenez.
Israelgo Atzerri Ministerioko iturriek Jerusalem Post egunkariari esan diotenez, akordioa ez da aurrerapauso bat bake prozesuan, eta “aldebiko harreman zuzenak” berreskuratzeko aukera urruntzen ari dela erantsi dute.