Mundua -
Sanan
Koalizio arabiarrak Yemengo presidente ohiaren etxea bonbardatu du
Mansur Hadi Yemengo egungo presidentearen aurka egin duen mugimendu xiita babestu du gatazkaren hasieratik Abdala Saleh presidente ohiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koalizio arabiarraren hegazkinek Ali Abdala Saleh Yemengo presidente ohiaren etxea bonbardatu dute. Salehek eta bere milizianoek mugimendu xiitarekin bat egin dute.
Saba albiste-agentziaren arabera, hiru erasoaldi jarraian izan dira bart Salehren etxearen aurka, baina ez da inor zauritu, ezta kalterik izan. Hala ere, agentziak jakinarazi duenez, hainbat biktima izan dira ondoko etxebizitzan. Salehren etxea klase altuko auzo batean dago.
Mansur Hadi Yemengo egungo presidentearen aurka egin duen mugimendu xiita babestu du gatazkaren hasieratik Abdala Saleh presidente ohiak.
Nashraneko eta Yazaneko probintzietan izandako erasoen erantzule hutien aurkako operazio militar berria iragarri zuen ostegunean Saudi Arabiako Gobernuak.
Yemengo egoera humanitarioa konplikatua da, eta koalizioak abiatutako hegazkin-erasoen ondorioz, okerrera egin du. Gainera, gobernuz kanpoko erakundeek arazo handiak dituzte laguntza humanitarioa herrialdean sartu ahal izateko.
Yemenek proposatutako su-etena onartu dute gaur hutiek. Horri esker, laguntza humanitarioa sartuko litzateke herrialdean, eta litekeena da iraunkorra izatea, errebeldeen indarkeria bertan behera geratzen bada.
Nazio Batuen Erakunderako gatazkarik kezkagarrienetarikoa da Yemengoa, kanpoko esku-hartzea izan denez, egoerak okerrera egin dezakeelako.