Mundua -

Kontserbadoreen garaipena

Gehiengo absolutuaren lehen kabinetea diseinatuko du Cameronek

Ordura arte, Ekonomia, Atzerri, Barne eta Defentsa ministroak berretsi ditu. Gainerako ministroen izen-abizenak datorren astean jakinaraziko ditu.

Cameronek gehiengo osoa lortu du huteskundeetan. Argazkia: EFE
Gobernu berria osatzeko lanean ari da David Cameron

1:10

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuko hauteskundeetan Alderdi Kontserbadoreak gehiengo absolutua eskuratu ostean, Gobernu-jarraipenari eutsiko diola iragarri du David Cameron lehen ministroak. Horren harira, ministro nagusiak beren kargutan mantenduko dituela esan du. Hori dela eta, Ekonomia, Atzerri, Barne eta Defentsa ministroak berretsi ditu.

George Osborne Ekonomia ministroak defizita erdira murriztea lortu du legegintaldi honetan. Halaber, hemendik aurrera Cameronen Gobernuaren "bigarrena" bihurtuko da, Estatuko lehen idazkariaren kargu sinbolikoa ere emango diotelako.

Azken urteetan jihadismoaren aurkako borrokan buru izan den Barne ministro Theresa Mayk ere karguari eutsiko dio. Philip Hammondek, Europarekiko eszeptikoak, Atzerri Ministerioan jarraituko du, eta Michael Fallonek, berriz, Defentsa Ministerioan.

Bestalde, gainerako ministroen izen-abizenak datorren astean jakinaraziko dituela aurreratu du.

Gobernu berria osatzen dabilela, Europar Batasunarekiko harremana berritu, susperraldi ekonomikoari eutsi eta Eskoziako autonomiaren erreforma abiatzea ditu helburu Cameronek.

Halaber, hauteskundeetan lortutako emaitzak bultzatuta, diru-laguntza sozialen sisteman 12.000 milioi librako murrizketa abiaraztea espero da.

Kargua utziko dutenak

Bestalde, kargua utziko dutenen artean Danny Alexander Altxorraren burua dago, liberaldemokratek 57 diputatuetatik 49 galdu dituztelako.

Vincent Cable Enpresa ministroa, Edward Davey Energia eta Klima-Aldaketarako ministroa eta Alistair Carmichael Eskoziarako ministroa ere Komunen Ganberatik kanpo geratuko dira.

Carmichaelen erreleboa garrantzi handikoa izango da, Eskoziako Alderdi Nazionalistak 56 diputatu lortu baititu (orain arte, 6 zituen). Gauzak horrela, Edimburgoko Parlamentu autonomora hainbat eskumen igarotzeko eskaera egingo duela aurreratu du Eskoziako Alderdi Nazionalistak (Cameronek hitzeman zuen bezala).

Hauteskundeeto emaitzak

Gauzak horrela, David Cameronen Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoarekin irabazi ditu Erresuma Batuko hauteskundeak, zenbatuta dauden 646 barrutietan (650 dira guztira).

Kontserbadoreek 326 eserleku eskuratu dituzte eta Ed Milibandek gidatutako laboristen alderdiak 232. Azken horiek kolpe handia hartu dute Eskozian, bertan Eskoziako Alderdi Nazionalak ordezkari kopuru handia lortu du.

Salmonden alderdiak hirugarren lekua eskuratu du Londresko Parlamentuan, 56 kiderekin; ondoren, Nick Cleggek gidatutako liberaldemokratak izango dira, 8 parlamentarirekin eta, azkenik, Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdia, ordezkari bakarrarekin.

Erreferenduma

Bestalde, David Cameron lehen ministroak baieztatu duenez, Erresuma Batuak erreferenduma egingo du herrialdeak Europar Batasunean jarraitu edo ez erabakitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erresuma Batua argazkiak David Cameron albisteak