Mundua -
Hauteskundeak Erresuma Batuan
Europako Batzordea Cameronekin hitz egiteko prest agertu da
“Juncker Erresuma Batuaren proposamenak entzuteko eta elkarrizketa konstruktiboa izateko prest dago”, adierazi du Margaritis Schinas Europako Batzordearen bozeramaileak.
Agentziak | Erredakzioa
David Cameron kontserbadorearekin elkarrizketa irekia izateko prest azaldu da gaur Europako Batzordea. Cameronen alderdiak gehiengo absolutua lortu du Erresuma Batuko hauteskunde orokorretan. Erresuma Batuak Europar Batasunean jokatu beharreko papera aldatu nahi du Cameronek eta EBtik alde egiteko erreferendum bat egiteko aukera ez du baztertu buruzagi kontserbadoreak.
?Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea Erresuma Batuaren proposamenak entzuteko eta elkarrizketa konstruktiboa izateko prest dago?, adierazi du Margaritis Schinas EBko Exekutiboaren bozeramaileak.
Juncker Cameronekin lehenbailehen biltzeko gertu dagoela azaldu du bozeramaileak, ?batez ere, EBko kideetako hauteskundeetan beti hori egiten dutelako?.
Erresuma Batuaren papera EBn
Erresuma Batuak Europar Batasunean izan beharreko papera aldatu eta EBtik ateratzeko erreferendum bat egiteko borondatea azaldu du Cameronek. Zentzu horretan, Junckerrek apirilaren 28an esandakoa errepikatu du Schinasek. Londresekin ?bidezko akordio? bat ixteko prest agertu zen Juncker elkarrizketa batean. Europako itunetan aldaketa ?txikiak? egiteko aukera zabalik utzi zuen Europako Batzordearen presidenteak.
Hala ere, EBren oinarrizko lau askatasunei eragiten dieten aldaketak onartuko ez dituela ohartarazi du Europako Batzordearen presidenteak, besteak beste, langile eta mugimendu askatasunari; izan ere, erreforma batekin Erresuma Batuan lan egiten duten EBko etorkinen eskubideak mugatu nahi ditu Cameronek. ?Lau askatasunak negoziaezinak dira?, adierazi du Schinasek.
Donald Tusk Europako Kontseiluaren presidenteak Cameron zoriondu du. Tusken hitzetan, ?Gobernu berriak Erresuma Batua Europar Batasunean jarraitzea defendatuko du. Horretan laguntzeko prest nago?.