Mundua -

Hauteskundeak Erresuma Batuan

Milibandek, Cleggek eta Faragek dimisioa eman dute

Hauteskundeetan izandako porrotak bultzatuta, laboristen, liberalen eta UKIPen buruek dimisioa aurkeztu dute.

Elkarren ostetik etorri dira Miliband, Clegg eta Faragen dimisioak. Argazkia: EiTB
Elkarren ostetik etorri dira Miliband, Clegg eta Faragen dimisioak. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuko hauteskundeen emaitzek hiru dimisio ekarri dituzte elkarren segidan: Ed Milibandek (Alderdi Laborista), Nick Cleggek (liberal demokratak) eta Nigel Faragek (UKIP) euren alderdietako buruzagitzari muzin egin diote ostiral honetan.

Dimisioaren berri ematen lehena izan da Nick Clegg liberaldemokraten buruak. Aitortu duenez, bere alderdiak espero zuen "emaitzarik okerrena eta gogorrena" izan du, 10 eserlekuak gainditzerik izan ez baitute. 2010ean 57 eserleku eskuratu zituzten Wesminsterren, oraingo honetan, 8. Dena dela, uste du liberaldemokratek gobernuan egindako kudeaketa (kontserbadoreen bazkide izan dira) "modu baikorrean" jasoko dutela historia liburuek. Hori gorabehera, ostegun honetako hauteskundeen emaitzak "hondamendia" dira, Cleggen hitzetan.

Handik gutxira agertu da hedabideen aurrera Nigel Farage ultraeskuindarra . Parlamentuan eserlekua eskuratu ez duela eta, dimisioa eman du honek ere.  South Thanet barrutian hautagai kontserbadore batek kendu dio ordezkaritza. Faragek ez du atea guztiz itxi, ordea. Izan ere, irailean alderdiko buruzagitzarako hautagai izango ote den erabakiko du.

Erresuma Batua Europar Batasunean ez jarraitzearen aldeko politikariak bere agerraldian esan duenez, "hitzeko" gizona da eta horregatik dimititu du: hala agindu zuen hauteskundeen aurretik.

Ed Milibandek eguerdi aldera aurkeztu du dimisioa. Adierazi duenez, berea da porrotaren "erantzukizun osoa" eta goizean garaipenagatik zoriontzeko Cameroni deitu diola iragarri du.

Alderdi Laboristako kideetako batzuk, tartean Ed Balls ekonomia bozeramaileak edo Jim Murphy Eskoziako ordezkariak, eserlekua galdu dutela atsekabetuta agertu da buruzagi laborista. Milibanden aburuz, bada ordua "beste pertsona batek alderdiaren buruzagitza" hartzeko eta alderdiaren baitan "barne eztabaida zabal eta zintzoa" egiteko.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erresuma Batua