Mundua -

Nepaleko lurrikara

Laguntza iristen hasi da Nepalen gehien kaltetutako lekuetara

24 urteko Krishna Kumari Khadka gaztea 128 ordu egon da Gongabuko Janasewa ostatuaren beheko solairuan harrapaturik, Katmandun. Bederatzi ordu lan egin behar izan dituzte erreskatatzeko.

Krishna Kumari Khadkaren erreskatea Katmandun. Argazkia: EFE
Krishna Kumari Khadkaren erreskatea Katmandun. Argazkia: EFE
Kopurua handiagoa izango da urrutieneko herrietara heltzean

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasi da laguntza iristen Nepaleko lurrikarak gehien kaltetutako lekuetara, Katmandutik kanpoko lekuetara, hondamendia gertatu eta sei egunera. Nazio Batuen Erakundeak egiaztatu duenez, herri asko lurraren azpian geratu dira erabat, eta hondamendia larritzen ari da egunetik egunera.

Biktima kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta dagoeneko 6.250 hildako eta 14.357 zauritu zenbatu ditu Nepaleko Barne Ministerioak.

Mundu osora zabaldutako irudietan ikus zitekeen Nepaleko hiriburuan, Katmandun, lurrikarak eragindako suntsipena, baina munduko mendi altuenen magalean dauden beste herri askotan ere kalteak ikaragarriak dira, eta orain arte ezin izan dira laguntzak iritsi.

128 orduren ostean erreskatatu dute emakume bat

24 urteko emakume bat erreskatatu dute 128 ordu Katmanduko eraikin baten hondakinen azpian eman eta gero, Poliziako iturriek gaur jakitera eman dutenez. 7,8 graduko lurrikara batek Nepal astindu zuen iragan larunbatean.

Krishna Kumari Khadka gaztea Gongabuko Janasewa ostatuaren beheko solairuan harrapaturik zegoen, Katmandun. Norvegia, Israel eta Nepalgo erreskate taldeek bederatzi ordu lan egin behar izan dituzte Kumari hondakinen artetik bizirik ateratzeko, Debi Prasad Poudel polizia-inspektoreak My Republica egunkariari azaldu dionez.

Lurrikararen ostean azken erreskatea izan da Kumarirena. Azken egunetan egoera sinesgaitz gehiago izan dira Nepalen.

Pemba Lamba 15 urteko mutikoa ostegunean erreskatatu zuten, 120 ordu hondakinen azpian eman eta gero. Lambak Gongabuko beste ostatu batean lan egiten zuen eta zazpi solairuko eraikinaren hondakinek harrapatu zuten.

Asteartean, 28 urteko Rishi Khanal erreskatatu zuten 82 ordu hondakinen artean eman eta gero, Katmandun. Khanali hanka bat ebaki behar izan diote zauri larriak zituelako.

Astelehenean, 32 urteko emakume ezindu bat hondakinen artetik bizirik atera zuten, bere etxean 50 ordu harrapaturik eman eta gero, Katmandun.

Berreraikuntza: 1.700 milioi euro

Herrialdea berreraikitzeko 1.700 milioi euro beharko dituztela azaldu du Ram Sharan Majat Nepalgo Ekonomia ministroak. Nepalgo Gobernuak diru kopuru hori lortzea zail duela onartu du ministroak. Horregatik nazioarteari laguntza eskatu dio buruzagiak; izan ere, kalteen zenbaketa zehatzago den heinean kostu ekonomikoak gora egingo du.

?Berreraikuntzaren zenbatekoak ez du aurrekaririk izango?, erantsi du Laxmi Prasad Shakal Barne Ministerioko goi-kargudunak. ?Guztiz suntsiturik geratu diren urrutiko zonaldeen kaltea zenbatzeko gai ez gara izan oraindik?, esan du.

Chautaran, Txinako mugan, triskantza erabatekoa dela azaldu du, Katmanduko ipar-ekialdean. Lekukoek ziurtatu dutenez, eskualdeko hamar eraikinetik zortzi guztiz txikitu ditu lurrikarak.

Lurrikara Nepal efe

Herritarrak Mahadev Mandir tenpluan haitz bat mugitzen, Bhaktapureko Durbar enparantzan. Argazkia: EFE

6.200 hildako eta ia 14.000 zauritu

Iragan larunbatean Nepal astindu zuen lurrikarak 6.200 hildako baino gehiago eta ia 14.000 zauritu utzi ditu dagoeneko, Nepalgo Barne Ministerioak gaur jakitera eman duen azken balantzearen arabera.

Gutxienez 130.000 etxebizitza guztiz txikitu ditu lurrikarak, eta ia beste 85.800ri kalte egin die.

Gainera, lurrikarak ia 2,8 milioi desplazatu utzi ditu 28 milioi biztanle dituen herrialde batean, NBEko datuen arabera. Datozen hiru hilabeteetan premiazko laguntzarako 415 milioi dolar beharko dituztela uste dute. Orain arte 22 milioi jaso dituzte.

Exodoa Katmandun

Milaka pertsona Katmanduko ibarretik, hondamenditik, ihes egiten ari dira, izurriteen beldur direlako. Hala ere, landa-guneetan egoera okerragoa dela ohartarazi dute Gurutze Gorria eta Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeek.

400 bat mila pertsonak Katmandu utzi dute jadanik. Bien bitartean, milaka pertsona kalean bizi dira Nepalgo hiriburuan, eta ospitaleak lepo daude. Dendak pixkanaka-pixkanaka zabaltzen eta argindarra berreskuratzen ari dira, lur astindutik bost egunera.

Milaka lagunek hiriburutik ihes egin nahi duten bitartean, beste askok Katmandura heldu nahi dute elikagai eta zerbitzu medikoen bila. Urrutiko herrixkak errepidez inkomunikaturik geratu dira.

Laguntza eta erreskatea

Hiriburuaren kanpoaldean dauden kanpamenduetara laguntza apurka-apurka heltzen ari da, ehunka pertsonek salatu dutenez. Horregatik, bizirik irauteko antolakuntza sistema propioa eratu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea