Mundua -

Lurrikara

Zaurituak artatzea eta onik daudenak erreskatatzea, lehentasun Nepalen

Ospitaleak gainezka daude eta gaixotasun infekziosoak dira kezka iturri nagusi. Bien bitartean, Nepaletik ateratako 46 lagunak Madrilera heldu dira gaur.

Erreskate taldeek Katmanduko hondakinen artean topatutako hilotz bat mugitzen. EFE
Protestak Nepalen laguntza eskasiagatik

00:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nepalgo Gobernuak ezin du larunbateko lurrikarak herrialdean eragin duen triskantzaren norainokoa zehaztu. Asiako herrialde honetan asko dira urrutiko eremuetan bizi direnak eta dardarak hara iristeko bide guztiak suntsitu ditu. Hala, zauritutakoak artatzea eta eraikin hondakinen artean onik egon daitezkeen lagunak erreskatatzea lehenetsi du gobernuak.

"Ezin diegu lurrikararen ondorioei neurria hartu. Urrutiko eremuetako herri asko erabat suntsituta egon daitezke. Ez dakigu zenbat jende zegoen herriotan lurrikara gertatu zenean" esan dio Laxmi Prasad Dhakal Barne Ministerioaren bozeramaileak EFE albiste agentziari. "Hildakoak 5.000tik gora dira oraingoz, baina milaka gehiago izan daitezke", adierazi du Dhakalek.

Larunbatetik, 1.120 zauritu eraman dituzte Katmanduko ospitalera. Lurrikarak suntsitutako errepideak konpontzen dabiltza larrialdi taldeak.

Barne Ministerioak emandako azken datu ofizialen arabera, 5.000 lagun hil, 11.000 zauritu eta 450.000 lagun etxetik aterarazi ditu lurrikarak.

82 ordu hondakinen artean

Katmanduko eraikin baten hondakinen azpian harrapatutako gazte nepaldar bat onik erreskatatzea lortu dute gaur. Frantziako talde batek eta Nepalgo Poliziak atera dute 28 urteko Rishi Khanal. Hanketako bat habe batek harrapatuta zuen eta ezin zen atera, Nepali Times egunkariak jakinarazi duenez.

Eraikin berean zegoen beste emakume batek ez du horrenbesteko zorterik izan eta erreskate taldeek atera baino lehen zendu da. Astelehenean, 32 urteko paraplegiko bat onik atera zuten hiriburuan, hondakinen azpian 50 ordu izan ondoren.

Bien bitartean, zauritutakoak artatzeko nahikoa lan dute Katmanduko ospitaleek. Gainezka daude eta egunero dozenaka gaixo heltzen zaizkie.

"Kolapsatuta gaude eta Katmanduko haranetik datozen gaixoak heltzen jarraitzen duen bitartean", esan du Swoyam Prash Pandit medikuak. "Ez dugu dirurik behar. Bidali iezaguzue osasun materiala eta botikak", dei egin du.

Richard Brennan Munduko Osasun Erakundeko bozeramaileetako batek ohartarazi duenez, gaixotasun infekziosoak zabaltzeko arriskua handia da.  "Kezkatuta gaude gaixotasun infekziosoen zabalkundearekin eta horri aurre hartzeko neurriak hartu ditugu. Erditu behar diren emakumeak baldintza onetan egiten dutela bermatu behar dugu", agertu du.

Madrilera heldu dira lehen aberriratuak

Katmandutik atera dituzten lehen espainiar herritarrak Madrilera heldu dira gaur goizean, 09:12 aldera. Indiatik Torrejon de Ardoz militar basera ekarri dituzte lehen 46 lagunak, tartean neskato bat eta haurtxo bi. Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroa ere eurekin etorri da.

Beste 71 lagun daramatzan hegazkina arratsaldean, 17:00-18:00 bitartean, helduko da Madrilera, ministroak iragarri duenez.

Azken datuen arabera, Nepalen lurrikararen unean zeuden 83 espainiarren berri ez du Ministerioak. Katmandun hiru lagun geratu dira, tartean Iñigo Castiñeyra donostiarra, lurrikara baino lehen zauritutako mendizalea. Atzerri Ministerioaren arabera, ez du premiazko laguntzarik behar.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lur-astindua Nepalen Hondamendi naturalak