Mundua -

Erreakzioak

Mediterraneoko ezbeharrak Europako agenda politikoa astindu du

700 etorkin zeramatzan itsasontziaren ezbeharrak Europako agenda politikoa astindu du eta erreakzioak eragin ditu erakunde mailan zein maila politikoan.

Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE
Europak immigrazioaren auziari heldu behar diola uste dute buruzagiek

1:12

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siziliako itsasartean gaur, igandea, 700 etorkin zeramatzan itsasontziaren ezbeharrak Europako agenda politikoa astindu du eta erreakzioak eragin ditu erakunde maila zein maila politiko guztietan.

Hala, Matteo Renzi Italiako lehen ministroak gogoratu du ezbeharra izan duen ontzian zihoazenak "pertsonak" zirela eta ez "zenbakiak", eta inguruko herrialdeei laguntza eskatu die horrelako tragediak errepika ez daitezen.

Italia ia "bakardadean", batzuetan beste herrialde batzuen konpainian, egiten ari den lana nabarmendu du Renzik. "Objektiboki apartekoa da", gaineratu du.

Horren aurrean, Italia bakarrik ez uzteko deia egin dio Europari. "Politika, duintasun kontua da. Giza trafikoa geldiarazi behar da", azaldu du.

Bestalde, datorren astean Europar Batasuneko buruzagien premiazko bilera egitea eskatu du Italiako lehen ministroak.

Espainia

Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidenteak esan du "giza hondamendia" dela eta Europari dagokiola erantzun bat ematea. "Hitzek ez dute deus balio, ekintzak behar dira", adierazi du Rajoyk PPren mitin batean.

"Eguneroko drama bat da", adierazi du Gobernu presidenteak eta azpimarratu du Espainiak antzerako tragediak bizi izan dituela. "Badakigu ez dagoela munduan herrialderik gisa honetako gertakariei bere kabuz erantzuteko gai denik", gaineratu du.

Pertsona horiek gerratik eta pobreziatik ihes egiten dutela nabarmendu du eta gaineratu du Espainia beti hor egongo dela "giza hondamendi" horri erantzuna emateko.

ACNUR

Gaurko ezbeharraren ondotik, Mediterraneo itsasoan erreskate operazio bat ezartzeko eskatu dio ACNUR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziak Europar Batasunari.

Azken asteotan erreskate operazio bat ezartzeko eskatu die ACNURek Europako agintariei Mediterraneoa ontzi hauskorretan zeharkatzen saiatzen diren horiei laguntzeko.

Frantzia

Bestalde, François Hollande, Frantziako presidenteak bi eskari zehatz egin ditu giza tragedia horren harira: Europako herrialdeetako Barne eta Atzerri ministroen premiazko bilera bat egitea eta Europar Batasunaren Triton misioko ontzi eta hegazkin kopurua handitzea.

Frantziako presidenteak azaldu duenez, gaur goizean Matteo Renzi Italiako lehen ministroarekin hitz egin du "premiazko zein neurri har ditzakegun aztertzeko". Gaineratu du egunean zehar Jean-Claude Juncker eta Donald Tusk, hurrenez hurren, Europako Batzordeko eta Europako Kontseiluko presidenteekin hitz egingo duela Europar Batasuneko Barne eta Atzerri ministroen "premiazko bilera" bat deitzeko.

Halaber, Triton operazioko bitartekoak handitzea eskatu du eta baita pertsonen trafikoa eragozteko neurri berriak hartzea ere.

 

Vatikanoa

Frantzisko aita santuak azkartasunez eta erabakitasunez jarduteko eskatu dio nazioarteko komunitateari horrelako "hondamendiak" errepikatzea saihesteko.

Bestalde, Matteo Renzi Italiako lehen ministroak larrialdiko bilera egitea eskatu die Europar Batasuneko buruzagiei datorren asterako, Lampedusatik gertu jazotako azken ezbeharrak agerian utzi duen arazoari erantzuna emateko.

Alemania

Giza trafikoaren sareei aurre egiteko nazioarteko lankidetza areagotzearen eta Libiako egonkortze politikoa babestearen alde agertu da Alemaniako gobernua.

"Libiako egonkortasunak soilik saihestuko du herrialdea trafikatzaileen eta trafikatzaile taldeen esku egotea", azpimarratu du Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroak telebista publikoari egindako adierazpenetan.

Haren esanetan, nazioarteko lankidetzaren bidez soilik lortuko da delinkuentzia mota horrekin amaitzea.

 

Europako parlamentua

Europako politikak aldatzea eskatu du Martin Schulz Europako parlamentuko presidenteak, etorkinei bertara legalki iristea eskaintzeko.

"Bada garaia errefuxiatuekiko eta etorkinekiko ditugun politikak aldatzeko. Pertsonei Europara legalki iristeko aukera eman behar zaie, itxaropena eskaini etsipena beharrean. Elkartasunean oinarritutako ikuspegi bateraturik gabe, hurrengo tragedia denbora kontua baino ez da", adierazi du ohar batean.

"Zenbat hildako gehiago izan behar dira Europan zerbait egin dezagun? Zenbat aldiz erakutsi beharko dugu gure nahigabea?", galdegin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy berriak Migrazioa Europa François Hollande argazkiak Aita santua Italiako albisteak Itotze kasuak Mediterraneo itsasoa gaur Eliza Katolikoa