Mundua -

AEB-KO HAUTESKUNDEAK

Nola hartu dute Hillary Clintonen hautagaitza AEBn?

Estatu idazkari ohiaren iragarpena AEBko hedabideetan nola islatu duten azaldu du Iratxe Etxebarriak artikulu honetan.

Hillary Clinton. EiTB
Hillary Clinton. EiTB
Hillary Clinton. EiTB

Iratxe Etxebarria | Euskadi Irratia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

12 urtean alderdi bera Etxe Zurian mantentzea eskatuz abiatu du kanpaina Hillary Clintonek. Wall Street Journal-en aburuz, historia modernoan balentria zaila da, baina gaineratu du Clintonek historia egiteko hasi duela bidea.

"Iowara bidean" irakur daiteke Huffington Post-en atarian. Iritzi artikulu gehienak ere Hillaryri buruzkoak dira: sinbolismotik erabaki zehatzetara jausi egin duela dio batek, eta iragarpena egiteko moduagatik, oraingoan ezberdina izango dela, beste batek.

Iowara bidean, gasolindegi batean atseden hartu du eta herritar batzuekin kanpaina egiteko aprobetxatu du. CNN kateak herritar horiek Clintonekin egindako argazkiak erakutsi ditu.

Klase ertaina, emakumezkoak eta hispanoen botoak erakartzea du helburu, Univision-en iritzian, eta horretarako, migrazio erreforma bere lehentasunen artean kokatu beharko duela esan du.

Errepublikanoen Batzorde Nazionalaren iritziz, Clintonek eskandaluak eta porrot egindako politikak ekarriko ditu. Horregatik, AEBk zerbait hobea behar duela adierazi dute prentsa-ohar bidez.

Fox News-eko esataria are erradikalagoa izan da. Bere burua, beste helbururik ez du Clintonek, eta estatubatuarrez kezkatzen den norbait behar dutela eta pertsona hori ez dela Clinton esan du.

New York Times egunkariak lehengo aldiz emakumezko bat dela hautagai azpimarratu du, eta AEBko lehen emakumezko presidente izateko benetako aukerak dituela. Baina galdera bat jarri du mahai gainean: zergatik izan nahi du Clintonek presidente?

Washington Post-ek esan du Clintonek 2 minutu eta 18 segundoko bideoan bere estrategia aurreratu duela, 2008ko zailtasunak handitu eta klase ertainaren botoa erakartzeko, eta aukera ekonomikoetan oinarrituko duela kanpaina.

Sare sozialek ere garrantzi handia izango dute hautagai demokrataren kanpainan. Iragarpena egin osteko lehen hiru orduetan, 420.000 txio eragin ditu iragarpenak, eta 3 milioi bisita izan ditu kanpainarako egin duen bideoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Gaurko azken ordukoa Hillary Clinton Profila Hillary Clinton